Gizarte eta eskola arloan ikasleei laguntza emateko tailerretan izen-ematea zabalik

uriola.eus 2015ko aza. 9a, 08:30

Aragzkia: lanekokoadernoa.wikispaces.com

Tailerrak Lehen Hezkuntzako azken zikloko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta daude eta aprobetxamendu pedagogikoa sendotzea eta ikasleek hezkuntza sisteman egiten duten egonaldia bermatzea da horien helburua. 

Bilboko Udalak epe laburrean abiaraziko ditu 'Gizarte eta eskola arloan laguntza emateko Udal Tailerrak' Otxarkoaga, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako ikastetxe banatan. Tailer hauek "integrazioa eta ikasketa lortzeko baliabidea dira" desabantaila soziokulturaleko egoeretan.

Horrela, bada, programa hau Imajinatu Otxarkoaga eta Auzoa Imajinatu plan komunitarioen barruan egiten da eta gune bietako laguntza sozialeko beste neurri bat da. Izan ere, "auzo biek dauzkaten biztanleen egiturazko ezaugarri bereziengatik, arreta berezia behar dute eskolako absentismoari aurre egiteko, ikastea sustatzeko eta derrigorrezko hezkuntza goiz uztea ekiditeko".

Gizarte eta hezkuntza arloko proiektu integrala eta ludikoa da, eta aprobetxamendu pedagogikoa sendotzea eta ikasleen hezkuntza sisteman egiten duten egonaldia bermatzea da horien helburua.

Tailerrak Lehen Hezkuntzako azken zikloko (5. eta 6. mailak) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta daude eta ikasleen eskolako errendimendua hobetzeko eta gizartearen arloko trebetasunen garapena hobetzeko pentsatuta daude. Horretarako, laguntzako jarduerak egiten dira arlo instrumentaletan, ikasteko ohitura sustatzen da eta neska-mutikoen autonomia pertsonala sendotzen da.

Era berean, programan integraziorako elementu garrantzitsu bat dago, Gurasoen Eskola. Bertan, gurasoek zenbait jarraibide ikasten dituzte seme-alabei ikasten laguntzeko, gizarteko trebetasunak hobetzeko eta haien heziketaren aurrerapenean inplikatzeko, hori ezinbestekoa baita ikasteko motibazioa edukitzeko.

 

Gizarte eta eskola arloan laguntza emateko tailerren ordutegia eta iraupena

Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak 172 plaza eskaini ditu 2015-2016 ikasturteko tailerretan. Gaztelaniaz eta euskaraz ematen dira zentro eta ordutegi hauetan:

Otxarkoaga LHI:

Ikasturtean, azarotik maiatzera:

  • Astelehenetan eta eguaztenetan (18:00-22:00).

Udako tailerrak:

  • Uztailean eta abuztuan (09:30-13:30).

La Merced HHI:

Ikasturtean, azarotik maiatzera:

  • Martitzenetan eta eguenetan (18:00-22:00).

Udako tailerrak:

  •  Uztailean eta abuztuan (09:30-13:30).