Bi hamarkada joan dira dagoeneko Xuxen euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa sortu zenetik. Hizkuntzalari eta informatika-ingeniariek elkarlanean sortutako sistema hark iraultza ekarri zuen ordenagailu bidez testuak euskaraz idazten ditugunontzat.
Hasierako Xuxen sortu zenetik, haren hainbat bertsio sareratu dira (Microsoft Officerako, OpenOffice.org eta LibreOfficerako, web-nabigatzaileetarako, Adobe Indesign-erako…), eta, ortografia-akatsak detektatzeaz gain, proposamen gramatikalak egiten ere ikasi du Xuxenek.
Baina informatikan oso azkar gertatzen dira aldaketak, eta programa eta aplikazioak etengabe eguneratzen dira. Gure hizkuntzan ere gertatzen dira aldaketak: Euskaltzaindiak arau berriak egiten ditu, hitz berriak sortzen dira…
Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen ere eguneratuz joan da. 2014an, xuxen.eus webgunean txertatu genituen eguneratze guztiak, eta gizartearen esku jarri genituen ordura arteko bertsiorik berrienak.
Beste jauzi bat eman dugu orain. Ixa Taldeak eta Elhuyarrek Xuxen 5 jarri dugu sarean, doan deskargatzeko (xuxen.eus/bertsioak).
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketak txertatu ditugu euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoaren datu-basean, eta erregela gramatikalak berritu ditugu, Microsoft Office-rako sortu dugun azken zuzentzaileak proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal eguneratuak egin ditzan.
Xuxen 5 zure ordenagailura deskargatu nahi baduzu, hemen aurkituko dituzu zuzentzailearen bertsio guztiak: xuxen.eus/bertsioak.
Microsoft Officerako Xuxen 5 erabiltzeko argibideak eskuliburu honetan aurkituko dituzu: xuxen.eus/eskuliburua.
xuxen.eus webgunean erregistratzen direnek (xuxen.eus/erregistratu), gainera, Xuxenen eguneratze eta nobedade guztien berri jasoko dute beren helbide elektronikoan.