20 urtetan euskal eszenak egin duen ibilbidea

uriola.eus 2015ko aza. 11a, 09:15

'Eskena 1995-2015' dokumentalaren grabaketako une bat

Euskadiko Antzerki Ekoizle Profesionalen Elkarteak, Eskenak, hamarkada bi bete ditu eta jarduera nagusi birekin ospatuko du urteurrena. Batetik, Ramon Bareak zuzendutako dokumentala aurkeztuko dute gaur eta, bestetik, topaketa egingo dute politikariekin, sektorearen bideragarritasunaz jarduteko. Urteurrena, elkartearen web gunea berritzeko abliatu dute. 

1995ean Euskadiko antzerki ekoizleen lehendabiziko elkartea sortu zen: Eskena. Egoitza Bilbon duen elkarte honek, gaur egun, 22 konpainia profesional ditu elkartuta; Gipuzkoako 9, Bizkaiko 8 eta Arabako 5.

Hortaz, 2015ean, euskal antzerkiaren alde egindako lanak 20 urte bete ditu, Euskadin bertan zein Euskaditik kanpo ere ogibidea duin egiten emandakoak. Eta denbora hori igaro ondoren, Eskenak hasierako gogo berberarekin ospatu nahi du egindako ibilbidea, eta etorkizunera begiratu. Horrexegatik, antzerki ekoizleen elkarteak, bere 20. urteurrena ospatzeko egintza nagusi bi antolatu ditu:

Gaur, hilak 11, Azaroaren 11n, Ramon Bareak (Antzerkiko Sari Nazionala 2013) zuzendutako 'Eskena 1995-2015' izeneko dokumentala aurkeztuko da. Bertan, Eskenaren sorrera eta bilakaerari gainbegirada bat emango zaio sektoreko elkarte moduan, eta, horretaz gain, 20 urte horietan euskal eszenak egin duen ibilbideaz ere hitz egingo da. Eskenako profesionalen lanari egiten zaion elkarren arteko begirada bat da, 20 urte hauetan sormenaren eta egungo euskal eszenako praktiken gune nagusia izatera heldu baita. Pertsona eta eragile aniztasunari aitorpena ere bada. Iraganeko oroitzapenez galdetzeaz gain, euskal eszenaren etorkizunaz aurrera litekeenaz ere itauntzen da. Halaber, hitzordu honetan bertan Eskenaren web gune berria aurkeztuko da, jazoerarik aipagarrienak eta Euskadiko antzerkiaren gaurkotasuna bilduko dituen atari digitala izan nahi duen web gunea.

Bihar, azaroak 12, Eskenak, FAETEDArekin batera (Antzerki eta Dantza Enpresa-elkarteen estatuko federazioa), antzerki sektorearen eta alderdi politikoen arteko nazio mailako topaketa bat antolatu du Bilbon. 'Antzerkia gizarte demokratiko baterako' izenburupean, ekoizpen eszenikoaren sektoreak eta Kongresuan, Autonomia Erkidegoetan eta probintziako zein herri erakundeetan ordezkaritza duten alderdi politikoetako kultura arduradunek, Estatuan antzerkiak gaur egun duen egoeraren inguruko diagnostikoa egingo dute. Estatuan jarduera eszenikoaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren neurri zehatzen dekalogo bat identifikatu eta adosteko lan saioa izango da. Azterketa horren ondoren, alde biek lan egingo dute oinarrizko puntuak zehazteko, eta puntu horien gainean kultur politika kontuetan lan egingo da Espainian Arte Eszenikoen egoera bideratzeko. Akordio hori oinarrizko agiri batean jasoko da, eta horren inguruan lan egingo da datozen urteotan. Agiri hori topaketa amaitutakoan aurkeztuko da jendaurrean.

Egun, Eskena "sustatzaile gisa indar handia duen erreferentzia eta gure komunitateko enpresa eszenikoen komunikaziorako, egonkortasunerako eta garapenerako beharrezko bitartekaria da; izan ere, sektore mailan ordezkaritza lanak egiteko gaitasuna duen entitate bakarra da".

www.eskena.com