'Neguaren ostean' diskoa kaleratu du Mikel Uraken santutxutarrak

uriola.eus 2015ko aza. 11a, 11:00

Diseinua eta argazkiak: Asier Garcia Azkue

Kaki Arkarazorekin uztailean Andoaingo Garate estudioetan grabatutako lana entzungai dago jada. Javi Letamendia izan du ekoizle Mikel Urakenek disko berrian.

Hitzak idazteko Mikel Vegarekin elkartu da Mikel Uraken bere bakarkako laugarren lanean. Folk amerikarrera jotzen du santutxutarrak eta, bere estiloarekin bat, ingelesez abestu du batik bat. "Erronka polita da, hizkuntza ikasi bitartean kontzertuetan praktikatzen dut", zioen 2013an BERTON aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Oraingoan, baina, euskarara jo du. Gitarra eta ahotsa, sotil eta gordin. 

Bizi erdia baino gehiago darama Mikel Urakanek musikari lotuta. "Pertsona asko bezala" auzoko irakasle batekin hasi zen gitarra jotzen. Baina gehienek ez bezala aurrera jarraitu du Urakanek.

Pertsona eta musikari bezala asko hazi da bakarka jotzen hasi zenetik. Neil Young, Dave Egune Edwards, Mikel Laboa edota Anariren musika miresten ditu, baina argiro dioenez, "ez naiz amerikarra, santutxutarra baizik. Beti konposatuko dut nire erara, nahiz eta gehien entzuten dudan musika atzerritik etorri".

Hainbat taldetan ibili ondoren, 'Pray for me before I die' lana argitaratu zuen. Bigarren lana bakarlari moduan 'Folk songs for tormented souls' 2013an, 'Omenaldi xumeak' 2014an eta 2015an lanik berriena, 'Neguaren ostean'. 

 


Diskoa: 'Ostean Neguaren'

Hitzak: Mikel Uraken eta Mikel Vega 

Soinu teknikaria: Kaki Arkarazo

Ekoizlea: Javi Letamendia 

Diseinua eta argazkiak: Asier Garcia Azkue 

 mikel-uraken.bandcamp.com