'Langabeziarik ez, kaleratzerik ez, murrizketarik ez' lelopean elkarretaratzea egin dute gaur goizean hainbat lagunek Barroeta Aldamar kalean, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean. Berri-Otxoa elkarteak Barakaldoko hiru familien egoera larria salatu nahi izan du protestaldiarekin. Izan ere, lau adingaberen ardura duten hiru familia duela bi urte okupatu zituzten bi etxebizitzetatik kanporatzeko agindua eman du Barakaldoko Alkatetzak.
EAJko udal gobernuak eta PSEko gobernukideek "adingabeen eskubideak babesten dituen jurisprudentzian pentsatu gabe" hasi dute kaleratze prozesua gaur Berri-Otxoa elkarteko kideek adierazi dutenez. Horregatik aurkeztu dute Administrazioarekiko Auzien Epaitegian Barakaldoko Alkatetzak emandako kaleratze dekretuaren aurkako errekurtsoa eta dekretuaren etenaldi eskaera, kautelazko neurri moduan.
Hiru familietako kideek ez dute lanik edota lanpostu prekarioa dute.
Giza Eskubideen Europako Auzitegian
Europak ezarritako jurisprudentziaren aurka jotzen du Barakaldoko Alkatetzak sinatutako dekretuak Berri-Otxoa elkarteren arabera. Hori dela eta, hiru familien abokatuek "laguntza" eskaera eramango dute Giza Eskubideen Europako Auzitegira. "Europako jurisprudentziak hainbat kaleratze geldiarazi ditu tokian tokiko administrazioek etxebizitzarako alternatibak eman artean. Eta are gehiago, adingabeei eragitzen dienean kaleratzeak".