Angelica Dass artistak bilbotarren sudurreko tonalitateak jasoko ditu

uriola.eus 2015ko aza. 27a, 11:29

Argazkia: www.humanae.tumblr.com

Sorbaldak agerian dituztela, Angelica Dass artistak argazkiak egingo dizkie boluntarioei Bilbao Arten, Humanae proiekturako, "gizakiaren azalaren tonuen inbentarioa osatzeko". Egindako argazkiekin erakusketa handi ibiltaria eratuko du; Bilbon martxoaren 21ean, arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, jarriko ditu argazkiok erakusgai.

Munduko zenbait txoko bisitatu ostean, Angelica Dass artista Bilbon da Humanae proiektua osatzen jarraitzeko. Hori dela eta, dei egin die herritarrei argazki saioetara hurbil daitezen; saio horiek atzo hasi ziren eta gaur ere egingo dira, 15:00etatik 20:30era bitartean, Bilbao Arten. 

Adin guztietako boluntarioak erretratzen ari da (adingabekoak pertsona heldu batekin eta baimenarekin joan behar dute), erlijioa eta jatorria edozein dela ere; sorbaldak agerian dituztela jarrita, argazkia egiten die.

Bilbao Arten jarri den estudioan argazkilari brasildarrak argazkiak egin eta sudurraren kolorearen arabera sailkatuko ditu; hain zuzen ere, tonu hori izango da Humanae proiektua osatuko duen irudiaren atzea.

Ondoren, aukeratutako irudiekin horma-irudi publikoa egingo da; horma-irudia 2016ko martxoaren 21ean, arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, inauguratuko da. 

Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren laguntza jaso du Dassek. Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailarekin lankidetzan, betiere zurrumurruen aurkako estrategiaren barruan.

 

Argazkiak egiteko leku, egun eta orduak

o Azaroaren 26an: 15:00etatik 20:30era 

o Azaroaren 27an: 14:00etatik 19:00etara 

o Bilbao Arten (Urazurrutia 32). 

 

Informazioa: www.humanae.tumblr.com