Zer da 'Zergatik Jamil’?
Tartean Teatroa taldearen ikuskizun berria. Suspentsea eta azpikeria estiloak jorratzen dituena. Otxarkoagako Harrobia Eskena zentroan ondu dugu eta Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu genuen urrian. Bilbon, martxoan, ikusteko aukera izango da.
Zein istorio kontatzen du?
Jamil marokoar jatorriko gaztea du protagonista -Eneko Sagordoy-. Berak zaintzen izan duen adineko gizona hil du –ni neu, Mikel Martinez–, baina ez du ezer gogoratzen. Buruhauste horretan hildakoa bera agertuko zaio Jamili. Konfliktu bat planteatzen da: azalpenik gabeko hilketa bat. Hori da antzezlanaren trama. Konflikto horren azpian beste bi daude: pertsonaia bakoitzaren giza gatazka. Hori da antzezlanaren gaia.
Zein bilakaera du tramak?
Kolpe bat jaso eta memoria galtzen du Jamilek. Dakien bakarra, poliziak esan diolako, zera da, tiroz hil duela ohean zegoen gizon babesgabe eta desgaitua. Duela gutxira arte zaintzen zuena, hain zuzen. Jamilek bere burua duin eta zintzotzat du eta hala ere krimenik gorrotagarriena burutu du. Eta bere buruari galdetzen dio: “Zergatik, Jamil?”
Drama bat al da?
Materiale honekin drama gordin bat eraiki zitekeen. Baina Patxo Telleriak bestelako apostua egin du, azaltzen diren konfliktoen sakontasuna errespetatuz, suspense ariketa teatral suspergarri eta akbibatzailea planteatzen duen egitura bat proposatu du.
Aurreiritziekin jokatzen du obrak.
Eszenatoki ia hutsean, aurrez aurre bi aktoreren bakarrizketen eta elkarrizketen lekuko izango da ikuslea. Bai Jamilek bai publikoak gertatua puzzle eran ordenatuko dute. Generoari dagokionez, ikusleak bere uste, suposizio eta kabalak egingo ditu hasieratik, geroago errealitateak ezeztatuko dituenak. Ikusleak bere epaia emango du etengabe, antzezlanak irudikatzen dituen gizartearen mekanismo berdinek bultzaturik. Ikuslearen aurreiritziak, gizartearen aurreiritziak dira.
Zelako harrera izan du antzezlanak lehen emanaldietan?
Donostian oso-oso harrera ona. Oso kritika onak izan ditu komunikabideetan, komentario politak sare sozialetan, Donostiako lankide antzerkigileen oniritziak eta aupadak, baina batez ere emanaldietako giroa. Hori nabaritzen da: honetan ibiltzen garenok badakigu noiz dagoen ikuslegoa ‘ukabilean harrapatuta’. Eta horrela egon da.
Zer da zuretzat antzezlan hau?
Kristoren motibazioa aurkitu dut eszentoki garbian bi aktoreren arteko lanean. Elkarri begiratzearekin ez dut aktore gehiago ez eszenografia gehiago behar. Antzerkizaleek oso ondo pasatuko dute obra ikusten, oso gustura egongo dira ikusleak.
Zelakoa da zure pertsonaia, Xabier?
Xabier paralisi progresiboak jotako gizona da, gaixotasunari orain arte adore eta bizi pozaz aurre egin diona. Ezkondua, emazteak maite du, baina ez daki edo ez du jakin nahi senarraren borondatea ulertzen.
Teloia jaistean denean...
Intriga eta suspense ariketa burutsu batekin gozatzeaz gain, ulertuko dugu zenbateraino den gizasemea jator aritzeko gauza. Maitasunez eta luzaroan egindako lana da. Bidean lagundu diguten guztiei bihotzez eskerrik asko!
Bilbon martxoan ikusteko aukera izango da.
Bai, Arriaga Antzokian, martxoaren lehenengo astean, 1etik 5era. Euskaraz eta erderaz egingo dugu. Erderazkoaren estreinaldia izango da.