Kontuak kontu, 65 filmek hartuko dabe parte atal Ofizialean, zinemaldiak dituan hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz: fikzinoa (34), dokumentala (14) eta animazinoa (17). Lehiaketarako aukeratu diran lanen artean Espainiako 16 dagoz, eta horreetako 7 euskal zinemagileek egindakoak dira, eta jaialdiaren inaugurazino ekitaldian eskainiko dira:
• Dena ez dabil ondo, Ander Parody (dokumentala).
• Luz a la deriva, Iñigo Salaberria (dokumentala).
• Artificial, David P. Sañudo (fikzinoa).
• Lost Village, George Todria (fikzinoa).
• The Devil on Your Back, Haritz Zubillaga (fikzinoa).
• I Said I Would Never Talk About Politics, Aitor Oñederra (animazinoa).
• Amore d’inverno, Isabel Herguera (animazinoa).
Euskal film labur horreek, fikzinozko hiru, animazinozko bi eta dokumental bi, aurkeztu ditue komunikabideen aurrean, Bilboko Azkuna Zentroan, eta David P. Sañudo, Iñigo Salaberria, Ander Parody, Haritz Zubillaga, Aitor Oñederra eta George Todria zinemagileak bertan egon dira.
Euskal film laburren sinopsiak
- Dena ez dabil ondo, Ander Parody (2015, 14’ Dok.). Ia 50 igaro dira Godard eta Gorinek euren Tout va bien ezagunean 68ko maiatzeko grebak erretratau zituenetik. Langileriak ekonomia politika neoliberalak zanpatuta jarraitzen dauen bitartean, haren kontrako ekintzak aldatu egin dira, bai formaz bai edukiz.
- Luz a la deriva, Iñigo Salaberria (2015, 18’ Dok.). Islandian jentea ilunpean bizi da urteko zati handi batean. Gauak dauen onena da atze-oihal bat lakoa dala, dekoratua ezabatzen dauena eta funtsezkoenaren aurrean ixten zaituana, marraztu beharra dagoan orrialde baten aurrean bezela.
- Artificial, David P. Sañudo (2015, 19’ Fik.). Xabier lan alkarrizketa batera doa. Baina berak ez daki dagoeneko bera izan dala aukeratua. CORPSAk 80.000 euro eskaintzen deutsoz bera klonatzearen truke. Bere erabagiagaz lotuta gauza asko dago, baita euro asko be.
- Lost Village, George Todria (2015, 15’ Fik.). Adin ertaineko gizonezko eta emakumezko bat besterik bizi ez diran hustutako herri batean argiak agertzen hasten dira etxe huts batzuetan. Jazoera horren aurrean personaia bakotxak modu desbardinean erreakzionetan dau. Beren bizitzak ez dira bardinak izango aurrerantzean.
- The Devil on Your Back, Haritz Zubillaga (2015, 5’ Fik.). Ez Amanda, ez dozu kontrola galduko... barriro…
- I Said I Would Never Talk About Politics, Aitor Oñederra (2015, 10’ Anim.). Mariano jauna hegazkinean doa bidaian da eta izen handiko jatetxe batera joaten da. Bertako espezialidadea haragi gorriak, naturalak eta kalidadezkoak dira, koipe eta kolesterol baxukoak.
- Amore d’inverno, Isabel Herguera (2015, 8’ Anim.). Bikote bat ibai ertzean paseoan dabilen bitartean, kazeru batzuk oreinkume bati begira dagoz, eta basoan lagun batzuek Clavesanako jantzaria gogoratzen dabe, paisajean desagertzen dan amodio librearen metaforea.
HIZPIDEA: Zinebiren 57. edizioak dakarrena aurreratu digu Ines Intxaustik
Zinebiren 57. edizioa gaur, ostirala, hilak 13, hasiko da Arriaga Antzokian. Ines Intxausti Zinebiren idazkari nagusiak kontatu digunez, hilaren 20ra arte, Bizkaiko hiriburuan 30 herrialdetako 65 pelikula ibiliko dira leihaketan, dokumentalak, animaziozkoak eta fikziozkoak. Horiekin batera hainbat sekzio (Beautiful dogs, Bertoko begiradak, Zinelab…) eta “Pelota II” dokumentalaren estreinaldia larunbatean. Intxaustik hori eta gehiago kontatu digu gaurkoan.