FIG Bilbao - Paper gaineko Grabatu eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak diziplina horietarako Europako erreferente bihurtzen du Bizkaiko hiriburua. Azaroaren 19tik 22ra bitartean, Euskalduna Jauregian laugarren aldiz egingo da FIG Bilbao azoka, 50 erakusketariren baino gehiagoren elkargune.
Azokarekin batera, hainbat erakusketa eta jarduera antolatu dira, arteari eta kulturari lotutako zenbait erakunde eta zentrotan, hala nola, Bilboko Arte Ederren Museoan, Guggenheim Bilbao Museoan, Bizkaia Aretoan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan edota EHAEOn.
Hainbat herrialdetako 60tik gorako arte-galeriak, editorek eta tailerrek nazioarteko prestigio handiko artisten lanak eskainiko dizkiete artezaleei, bai eta etorkizun handiko artista berrien obrak ere. Galerien proposamenez gain, Iberdrola Bildumaren erakusketa edota Mariano Moret Bildumarena ere egongo dira; horrela, FIG Bilbao urteko gertaera kultural garrantzitsuenetakoa izango da.
FIG Bilbao azokaren laugarren edizio honek beste pauso bat ekarriko du azokaren nazioarteko hedapenean, Kubako, Argentinako, Peruko eta Mexikoko galeriak eta artistak egongo baitira. FIG Bilbao azokaren ohorezko hiri gonbidatua Habana izango da. Nazioartean prestigio handia duten bi tailer eta galeria egongo dira. Habanako Arte Grafikoen Tailer Esperimentala eta Cuernavacako (Mexiko) La Siempre Habana Tailerra. Horietatik, azken garaiko kubatar artista nagusiak igaro dira, hala nola, Cacho edota "Los Carpinteros".
FIG azokaren egoitzak
Arte Ederren Museoa
Beranaren itzala luzea da. Lucas Van Leyden, Mariano Moret Bilduman. Erakusketa urriaren 20tik dago irekita bisitarientzat, Bilboko Arte Ederren Museoan. Espainian lehenago ikusi gabeko grabatu-erakusketa bat da. 70 lanek osatzen dute erakusketa, Lucas van Leyden XVI. mendeko herbeheretar maisuarenak zein haren lorratzari jarraitu zioten beste artista batzuenak. Aukera paregabea da grabatuaren historian izan den garai bikainenetako bat ezagutzeko.
EHUko Bizkaia Aretoa
Serigrafiaren omenez. Javier Cebriánen lantegitik portugaldar artista berrietara. Erakusketan, ibilbide bat egiten da Javier Cebrianen tailerrean sorturiko obretan zehar. Tailer historikoa izan zen, pieza paregabeak sortu ziren tokia; beste artista batzuen artean, Cebrian maisuak berak, Saurak, Gordillok edota Guerreok landutakoak. Ibilbide horretan, azkenean, Portugalgo Serigrafia Zentroko egungo portugaldar sortzaileen lanetara iristen da. Erakusketa ikuspegi orohartzaile osoena da Iberiar penintsulan gaur egun arte ikusitako serigrafiaren historiari buruz.
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak berriz ere bete du artearekin duen konpromisoa, eta bat egin du FIG Bilbao azokarekin. Oraingoan, bere bildumako hiru itsas kartografia jarriko ditu ikusgai. Garai batean marinel askoren hil edo biziko gida izan zirenak artelan gisa erakusten dira gaur egun.
Deustuko Unibertsitatearen Altxorrak
Deustuko Unibertsitateko Liburutegiak, Euskalduna Jauregian, Vignolaren arkitektura-grabatu batzuk jarriko ditu ikusgai, jesuiten liburutegikoak. Jendeak, oro har, ezin ikus ditzakeen lanak dira, Bilbon agerian jarriko direnak.
Iberdrola
Bigarren urtez jarraian, Iberdrolak Bildumazaletasunaren Foroa babesten du. Bilboko konpainiak Europako arte-bilduma korporatibo handienetako eta onenetako bat dauka, eta, FIG Bilbao azokan, jendeak normalean ezin ikus ditzakeen hainbat lan jarriko ditu ikusgai.
Eztabaida eta gogoeta
Bildumazaletasunaren II. Foroa
Azaroaren 20a. 10:00etatik 13:45era/ 16:30etik 17:15era. Euskalduna Jauregia
Aurtengo FIG Bilbao azokan, paper gaineko lanen bildumazaletasunari buruzko programan museoetako ospe handiko kontserbatzaileek, bildumazale pribatuek eta nazioarteko enkante-etxeetako ordezkariek parte hartuko dute. Guztiak artearen paper gaineko edizioan espezializaturik daude, antzinakoa, modernoa zein garaikidea izan.
Topaketa honen helburua da estanparen eta paper gaineko artearen mundua identifikatzen eta ezagutzen sakontzea, garrantzizko bilduma publiko zein pribatuen bidez, eta artelan horien merkatuan gaur egun eragina duten zirkunstantziak aztertzea.
Hizlariak: Javier Viar, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria // Jose Maria Luna Aguilar, Ankaria Fundazioko patronoa, Pablo Ruiz Picassoren Sortetxea eta beste Museo eta Kultura Ekipamendu batzuk Kudeatzeko Agentzia Publikoko zuzendaria (Málaga) // Jose Manuel Matilla, Prado Museoko Marrazki eta Estanpa kontserbatzailea (Madril) // Lucia Agirre, Guggenheim Bilbao Museoko komisarioa// Mariano Moret, XVI. mendeko grabatuen bildumazalea // Jose Manuel Cabra de Luna, paper gaineko lan garaikideen bildumazalea // Lucia Tro Santafe, Christies Etxeko antzinako grabatuan, grabatu modernoan eta grabatu garaikidean aditua (Londres) // Laurentino Aliende, inprimatzailea eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea.
Pilar de Zubiaurre Mahaia
Azaroaren 19a. 17:00etatik 19:00etara. Euskalduna Jauregia. Sarrera libre, aretoa bete arte.
Pilar de Zubiaurre Mahaiak emakumezko sortzaileen, intelektualen, bizitzari erreparatuko dio, beren garaiko gizarteak ematen zien estatus apaletik edo ezkutuko existentziatik jarduera emankorra gauzatu eta eragina izatea lortu zuten kulturarekin engaiaturiko hainbat emakumeren bizitzari, hain zuzen.
Hizlariak: Angeles Caso, idazlea eta arte-historialaria // Maria Jose Aranzasti, historialaria, MAVeko Zuzendaritza Batzordeko kidea // Miren Gabantxo, Bizkaiko Campuseko Unibertsitate Zabalkuntzako zuzendaria // Alicia Viladomat, Guiomar La mujer y las Artes Elkarteko presidentea.
Moderatzailea: Begoña Zubieta // ETBko kazetaria.
Artearen esparruko sortzaile eta ekintzaile berrien plataforma: Open Portfolio
Azaroaren 20a. 17:00etatik 19:00etara. Euskalduna Jauregia.
Lehenengo edizioak izan zuen arrakastaren ondoren, Open Portfolio proiektua zabaldu eta hobetzea erabaki du FIG Bilbaok. Plataforma handi bihurtu da programa, grabatuaren eta paperaren artearen esparruko artista berriak ezagutarazteko. Open Portfolio proiektuak hainbat berritasun ditu: nabarmentzekoak dira CIEC FIG Open Portfolio saria eta hautatuen parte-hartzea izango duten sustapen-jarduerak. Hautatutako 15 pertsonek espazio bat izango dute Bilboko Nazioarteko Grabatu Jaialdiaren barruan, euren lanak artearen eta kulturaren esparruko profesionalei erakusteko: artistei, galeristei, bildumagileei, kultur kudeatzaileei, kritikariei, kazetari espezializatuei eta estanparen eta paper gaineko artearen zuzeneko erakundeei. Gainera, euren lanak ezagutarazteko, hainbat ekitaldi profesionaletan parte hartu ahal izango dute urte osoan, baita Bilboko arte galeriekin egingo diren bileretan ere, eta, era berean, Madrilgo Sortzaile Berrien Kolektiboaren Areto Handian parte hartzeko aukera izango dute.
Tentazioen Paper Atlantikoa
Arku Atlantikoko artista gazteen arteko mugikortasun, truke eta hedapenerako proiektua da. Hainbat fakultatek eta arte ederren eskolek hautatutako 10 artistak hartuko dute parte, Euskalduna Jauregiaren barruan jarritako egurrezko hamar kuboren barruan.
Big Papers
BIG PAPERSek; abiapuntutzat hartzen du formatu handiaren gainean/handiarekin/handitik/handian egindako lana. Horretarako, galeria, artista eta pieza batzuk hautatu dira; jaialdiaren gune osoan zehar sakabanatuta egongo dira, paneletan jarrita. BIG PAPERS egitasmoaren helburua da, batetik, paperaren esparruko artista gazteen dimentsio handiko obra eta lan-prozedura ikusaraztea, eta, bestetik, publikoari ikuspegi eta prozedura tekniko desberdinak hurbilaraztea.
Ardoa eta estanpa, dastaketa artistikoak. Guggenheim Bilbao Museoa
Azaroaren 20a, 18:00etatik 19:45era. Museoko liburutegia. 12 € lagunentzat eta 15 € jendearentzat oro har. Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma Iraunkorreko obrak, besteak beste, Cristina Iglesias, Alex Katz, James Rosenquist edo Manolo Valdesen obrak, ikusi ondoren, ardoa dastatu eta probatuko da; Ana Martín Onzain enologoak bereziki hautatutako ardoak izango dira, artista eta obra bakoitzak iradoki dionaren arabera.