Zinebi 57

'Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día' eta 'Sabino Aranaren begiak' gaur Zinebin

uriola.eus 2015ko aza. 16a, 09:30

Pedro Oleak zuzendu duen 'Zonbi eguna' laburreko aktore taldea

Dokumental eta film laburren zaleek aukera ugari dute gaur arratsaldean Zinebi jaialdiaren baitan, besteak beste, Joseba Gorordok zuzendutako 'Sabino Aranaren begiak' dokumentalarekin eta zazpi zuzendarik Bilbon errodatutako 'Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día' film kolektiboarekin.

Helburu bikoitza du Zinebi 57k ekoiztu duen 'Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día' film luzeak: alde batetik, Bilboko kaleko eremuek edozein eratako produkzio zinematografikoak eta ikus-entzunezkoak egiteko dituzten aukerak bultzatzea; eta bestetik, jaialdiaren identitatearen ezaugarri nagusiarekin bat eginez, film laburrak sustatzea, haiena zinema hizkuntzaren adierazpide berezia delakoan.

Sketch-ez osatutako pelikulen era klasikoan pentsatutako produkzio honek zazpi fikzio-lan biltzen ditu, gai eta ezaugarri formal ondo ezberdinekoak: zinema musikala, antzinakoa, eta gaur egungo drama eta komediak. Badute, alabaina, bat datozen ezaugarririk: hiriburua eta Bizkaia azken 30 urteetan izaten ari diren aldaketak erakusteko borondatea.

Atal horiek egiteko Bilboko zinemagileen hiru belaunaldietako zinemagileen ekarpen desinteresatua eta gogotsua izan du Zinebik. edro Olea, Imanol Uribe, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Luis Marias, Sra. Polaroiska kolektiboa (Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana) eta Mikel Ruedarena, hain zuzen ere. Irrikaz aritu dira Bilboko ingurune urbano eta naturalez duten gaurko ikuspegia erakusten.

 

Gaur, hilak 16, 20:00etan, Campos Antzokian, estreinatuko dute publikoarentzat 'Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día' filma. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen eskuragai.

Larunbatean, hilak 21, 17:00etatik aurrera, berriro eskainiko dute Arriaga Antzokian.

 

 

'Sabino Aranaren begiak'  
Zinebi jaialdiaren 'Bertoko Begiradak. Miradas desde Euskadi' sailaren barruan, gaur, hilak 16, 18:00etan, BBK aretoan, Joseba Gorordok zuzendu duen 'Sabino Aranaren begiak' dokumentalaren emanaldia izango da. Sabino Aranaren bizitza eta ibilbidea aztertzen ditu dokumentalak bere jaiotzaren 150. urteurrenean. Dokumentalak 60 minutu irauten du, eta zuzendaria bera aurkezpenean egongo da filmaren ostean galderak erantzuten. Sarrera librea izango da aretoaren edukiera bete arte.

1937ko apirilaren 29an, Gernika bonbardatu eta hiru egunera Juan de Ajuariaguerrak Sabino Aranaren (1865-1903) hezurrak hilobitik atera zituen ezkutuan beste nonbaiten gordetzeko. Euskal abertzaletasunaren sortzailearen memoriak bizirik iraun zedin abiatu zen operazio hori. 'Sabino Aranaren begiak' haren ibilbideko leku garrantzitsuenetan pausatzen da. Hastapenetako Urduñan eta Bartzelonan; Industria Iraultzaren garaiko Bilbon ondoren eta Urdaibai eskualdean ere barneratzen da.

 

zinebi.com