Programa hauen bitartez, Gazteria eta Kirol Sailak umeei Gabonetako oporretarako aisialdi aukerak emateaz gain, gurasoei familia eta lana kontziliatzeko erraztasuna eskaini nahi die.
Abenduaren azken astean zehar, Gabongune eta Gabonkide programetako parte-hartzaileak munduko hiri desberdinetara hurbilduko dira baina guztiek ezaugarri bat partekatuko dute, musika: ekitaldiak, soinuak… Zeu Moldatu! programa aldiz, teknologian oinarrituko da.
Gabongune eta Gabonkide: 'Hiriak musikaren soinupean'
Aurtengo Gabonetan, Gabongune eta Gabonkide programen gaia hirietan eta hauek partekatzen duten ezaugarri batean oinarrituko da, alegia, musikan; 'Hiriak musikaren erritmora' izenburupean. Ekitaldi musikalei, musikari ospetsuei, estilo edota instrumentuei esker ezagunak diren hiriak ezagutuko dira. Cremona eta Stradivarious biolinen sorreratik, Vienako urte berriko kontzertu ospetsutik, Parisetik eta honen opera antzokitik edota Orleans Berritik eta bere jazz ospetsutik igaroko da programa besteak beste.
Gabongune 5 eta 8 urte bitarteko umeei (2007-2010ean jaiotakoak) zuzenduta dago eta Gabonkide aldiz, 9 eta 11 urte bitarteko umeei (2004-2006an jaiotakoak).
2015eko abenduaren 28tik 31ra garatuko diren bi programa hauetan, parte hartzaileek lagun berriak egiteko, bizikidetzarako ezaguerak jasotzeko eta gabonetan aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute. Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañoseko barrutietako Udaltegietan eta Alde Zaharreko lokal batean garatuko dira bi aukerak, 10:00etatik 13:00etara.
Plazak jendaurrean zozketatuko dira azaroaren 24an, goizeko 10:00etan, Haurrentzako Zerbitzuko bulegoetan (Aznar Eraikina, 4.solairuan). Emaitzak hurrengo egunean kontsultatu ahal izango dira Udalaren web orrialdean, 010 telefonoan edo Udaltegietako Bilbao Click makinetan. Plaza lortu duten umeek azaroaren 25etik 30era formalizatu ahal izango dute izen-ematea. Horretarako, ezinbestekoa izango da umea Bilbon erroldatuta egotea. Bilboko Udaleko langileek abenduaren 9tik aurrera zain-zerrendan dauden pertsonei telefonoz dei egingo diete soberan geratu diren plazak bete arte.
Zeu Moldatu! programan lau gune teknologiko egongo dira
Abenduaren 28, 29 eta 30ean Zeu Moldatu! programa garatuko da Bilborocken, goizez (10:30etatik 13:30etara) eta arratsaldez (16:30etatik 19:30etara). Programa honetan gehienez 240 umek hartuko dute parte (40 txanda bakoitzeko).
Bilborock lau gunetan banatuko da eta partaideak hiru orduz esparru teknologiko baten murgilduko dira. Umeek 3D inpresoren funtzionamendua ezagutuko dute, figura bat diseinatuz eta inprimatuz, robot batek labirintotik irten dezan mugikor edo Tablet-en argibideak programatzen ikasiko dute, sentsoreen bidez robot humanoideekin interaktuatzeko errealitate birtualean barneratuko dira, zirkuitu logiko, led, sentsore eta bozgorailuekin saiakuntzak egiteko aukera ere izango dute besteak beste.