Etxeko Laguntza Zerbitzua prestazio sozial publikoa da, integrala, balio anitzekoa eta komunitarioa, hau da, behar duen guztientzat da; hala ere, praktikan, erabiltzaile gehienak adineko pertsonak dira.
Erabiltzaile onuradun horiek familiak edo pertsonak izan daitezke, Bilbon bizi badira eta erroldatuta badaude, eta eguneroko jarduerak bakarrik egiteko zailtasunak badauzkate. Alde batetik, menpekotasuna baloratu bazaie Mendekotasun Legean jasotako mailaren batean (Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta horientzako laguntza arautzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legea). Beste alde batetik, oraindik baloraziorik eduki ez baina menpekotasunaren arrisku egoeran daudenak, adibidez 70 urtetik gorako pertsonak edo muga fisikoak, psikikoak edo sentsorialak dauzkaten pertsonak. Azkenik, babesgabetasun egoeran dauden edo gaixotasun sendaezina daukaten pertsonak, kasu horietan etxean zainketa paliatiboak aplikatzea baino ez baita egokia.
Udal zerbitzu honen helburua da erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea eta etxean egoten laguntzea, hau da, egoitzetara edo zentro sozio-sanitarioetara joatea ahalik eta gehien atzeratzea. Beste helburu bat da beharrizana daukan erabiltzailearen zaintzan familiei laguntza ematea.
Etxeko Laguntza Zerbitzua programa indibidualizatuen bidez garatzen da, prebentzioa, hezkuntza, laguntza eta errehabilitazioaren arloko programak. Zerbitzuan 400 langile baino gehiago daude eta horien funtzio nagusien artean hauek daude: etxeko lanak, arropa garbitzea eta zaintzea, janaria egitea, eta abar. Era berean, arreta pertsonaleko lanak egiten dituzte: pertsona garbitzea eta janztea, elikadura eta botikak kontrolatzea, eta abar. Azken batean, beharrezko laguntza ematen dute pertsonek autonomia nahikoa izan dezaten eguneroko jarduerak norbere etxean egin ahal izan ditzaten.
Aurreko urteetako balantzea
Etxeko Laguntza Zerbitzua oso lotuta dago menpekotasun mailen bat daukaten pertsonentzako prestazioekin. Aurreko urteetan, zerbitzu honek hartu dituen pertsonen kopurua orain baino handiagoa zen, zati batean azken urteotan beste prestazio batzuk eratu direlako menpeko pertsonentzat, esaterako eguneko zentroak edo egoitzak, eta horietako batzuk ez dira bateragarriak zerbitzu honekin, Bilbon gutxienez. Prestazio horietako bat familian zaintza informalak emateagatiko prestazio ekonomikoa da. Bilbon, prestazio hori ez da bateragarria Etxeko Laguntza Zerbitzuarekin eta pertsona batzuek nahiago dute diru-sarrera hori jaso, familia bera arduratzen delako menpeko pertsonaren zaintza integralaz.
Azken urteotan egonkortu egin da erabiltzaileen kopurua eta zerbitzuaren arreta jasotzen duten pertsonen kopurua. 2014an, Bilboko Udalak 3.157 pertsonari eman zion arreta 3.035 zerbitzurekin; horietatik 2.742 kasu Etxeko Laguntza Zerbitzukoak izan dira, 16 kasu Adingabekoak Etxean Laguntzeko Zerbitzukoak, eta 277 kasu Lagun Egiteko Zerbitzukoak. Era berean, iazko ekitaldian 408 zerbitzu berri hasi ziren. Guztira, zerbitzuko 460.000 ordu inguru zenbatu ziren.
Biztanleria orokorraren joerari jarraituz, Etxeko Laguntza Zerbitzua erabiltzen duten pertsonen adinez batez bestekoa gero eta handiagoa da, biztanleriaren batez besteko adina ere gora doalako eta pertsonak, oro har, urte gehiago bizi direlako oroimen eta autonomiako egoera onean. Zerbitzu honen erabiltzaileen ia %70 (%67) 75 eta 90 urte bitartekoak dira, baina 2014an 90 urtetik gorako 499 pertsonak erabili zuten Etxeko Laguntza Zerbitzua, hau da, erabiltzaileen %16k.
Bizi-itxaropenarekin lotuta dagoen beste datu bat gizonezkoen eta emakumezkoen proportzioa da. Erabiltzaile guztien artean, %73 andrazkoak dira eta %27 gizonezkoak. Emakumezkoen proportzioa gora doa adinarekin, normala denez, andrazkoen bizitza-luzera handiagoa delako.
10 puntutik 9
Zerbitzua enpresa pribatuek ematen dute, hirugarren sektorean egon ala ez, eta lehiaketa publiko baten bidez lortzen dute esleipena. 2016an beste lehiaketa baten deialdia egiteko orriak idatziko dira, zerbitzua ematen duten enpresekin sinatutako kontratuek 2016ko abenduan amaituko baitira. Hortaz, 2017ko urtarrilerako zerbitzua emateko lehiaketa berria esleituta izan behar du Udalak.
Gizarte Ekintza Saileko zerbitzuen katalogoa osatzen duten gainerako zerbitzuekin gertatzen den moduan, zerbitzu hau eskatu behar duten pertsonen beren helbideari dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzura joan behar dute, eta elkarrizketa antolatuko da gizarte-langile batekin. Kasurik gehienetan, zerbitzua jasotzeko menpekotasunaren inguruko balorazioa behar da aldez aurretik, baina batzuetan, egoeraren eta baldintzen arabera, berehala eta aurretiko baloraziorik gabe hasten da zerbitzua. Zerbitzua lortzeko bidea ezartzeko beharrezkoa da gizarte-langileak parte hartzea, berak emango baitio arreta, aholkua eta laguntza erabiltzaileari prozesu osoan.
Nabarmentzekoa da erabiltzaileek oso ondo baloratzen dutela zerbitzu hau, eta inkestetan hamar puntutik bederatzi baino gehiago lortzen ditu.