Saneamendurako giza eskubidea aztergai Rekalde Aretoan

uriola.eus 2015ko aza. 19a, 08:27

Argazkia: www.asierreino.com

Saneamenduaren Nazioarteko Eguna dela-eta, gaur, hilak 19, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Unesco Etxeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, hitzaldi-eztabaida bat antolatuko dute, Nazio Batuen Erakundeak 2010ean aitortutako Saneamendurako Giza Eskubidearen inguruan. Ekitaldia Rekalde Aretoan izango da, 18:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da.

2010eko adierazpen horrekin, NBEk baieztatu zuen edateko ur garbia eta saneamendua funtsezkoak direla giza eskubide guztiak gauzatzeko. Era horretan, ebazpenak bultzatu egiten ditu nazioarteko Estatu eta erakundeak, finantza-baliabideak eman ditzaten, herrialdeek, batez ere, garapen bidean daudenei laguntzeko gaikuntza eta teknologia-hornikuntza erraztu ditzaten, edateko ur-hornidura eskuragarri utz dezaten eta pertsona guztiei saneamendu osasuntsu, garbi, eskuragarri eta bidezkoa eskain diezaieten.

Jardunaldia Unesco Etxearen zuzendariak, Arantzazu Achak, gidatuko du. Bertan izango dira Pedro Barreiro, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerentea, Mikel Mancisidor, Nazio Batuen Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko presidenteordea, eta Iñigo Gonzalez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Isurketen arduraduna. Eskainiko dituzten hitzaldietan, munduko egoeraren berri emango dute, eta, horrez gain, Bizkaian dugun saneamendu sistema azalduko dute; izan ere, sistemarik aurreratuenetakoa da munduan.

Osasunaren Mundu Erakundearen eta UNICEFen arabera, mundu osoan, 780 eta 1.000 milioi pertsona inguru daude ur garbia eskuratzeko aukerarik gabe, eta 2.500 milioik ez dute saneamendu egokirik. Saneamenduak ura behar du, eta, alderantziz, ura ezin da edangarria izan, inguruan ez badago saneamendurako azpiegiturarik. Hondakin uren tratamendurik gabe, ezin da ez osasunik ez garapenik egon.

Hitzaldia osatzeko, Asier Reinok munduan zehar ateratako argazkien erakusketa bat egongo da ikusgai; argazkietan, komunak eta konketak ikusten dira, eta horrek munduko hainbat lekutako bizi-baldintzen metafora gisa balio du. Osasun-egoerari, garapenari eta elkartasunari buruzko metaforak, giza eskubideen egoeraren berri ere ematen dutenak.

 

Saneamenduaren Nazioarteko Eguna:

'Eskubide bat imajinatzea – Saneamendurako Giza Eskubidearen Errealitatea'

Azaroak 19 osteguna

18:30ean. Rekalde Aretoa. Hitzaldi-eztabaida

Aurkezle eta moderatzailea: Arantzazu Acha. Unesco Etxearen zuzendaria

Pedro Barreiro. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren gerentea.

Mikel Mancisidor. Nazio Batuen Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko presidenteordea.

Iñigo Gonzalez. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Isurketa Sailaren arduraduna.