Kaliforniako abeslariak bere unibertso musikal propioa sortu du bere eraginak (gospeletik soulera) jazz klasikoaren eta bluesaren zertzeladekin nahastuz. Sarritan agertzen da telebistan eta irratiko programetan eta nortasun handiko abeslaria da. Estilo ugari menperatzen ditu eta nabarmentzekoa da estilo horietara egokitzeko daukan gaitasuna. Eszenaratze dotore eta zaindu batekin, artista honek abeslari klasikoak eta modernoak miresten dituela onartzen du.
Jazzaren historiako izen handi baten (Dee Dee Bridgewater) eta Gilbert Moses Raíces telesailaren zuzendariaren alaba da. Gaztea izan arren, ahozko jazzaren zale askoren abeslari gogokoena da. Kaliforniako abeslariak nortasun handia dauka eta estilo ugari menperatzen ditu, eta bere ahotsean jazzaren kolore guztiak dauzka. Bere interpretazioak eta ikusleekin komunikatzeko daukan gaitasunak gaur egungo panoramaren lekurik gorenean jartzen dute.
Chinak ez du ezkutatzen hainbat abeslari miresten dituela, Billie Holiday, Etha James edo Dinah Washington bezalako kantari klasikoak edo artista modernoagoak, adibidez Gretchen Parlato, Molly Johnson, Erykah Badu eta Lady Gaga. Horien energien baturari eta bere eraginen nahasketari esker (gospeletik soulera, jazz klasikoaren eta bluesaren zertzeladekin), abeslari kaliforniarrak bere unibertso musikal propioa sortu du. Horrela, bada, jazzaren diva berrietako baten itzuleraren aurrean gaude.
Bere emanaldietan eszenaratzeko zaindua nabarmentzen da, eta horrek zerikusi handia dauka telebistako jardunarekin, Frantziako MTV katearen programa baten aurkezle izan baita. Zenbait urte da Parisen bizi dela eta Europan jazzlariari erakusten zaion errespetua defendatzen du: “Estatu Batuetako 60ko hamarkadako arraza‑segregazioaren ondorioz, Europa babesleku garrantzitsu bihurtu zen musikari beltzentzat. Gainera, munduko lehen jazz jaialdia Nizan antolatu zen!”
Lehenik eta behin, ikusleak liluratu zituen 'This one is for Dinah' (Blue Note) eta 'Crazy Blues' (Universal) diskoekin. Lehena Dinah Washingtoni egindako omenaldi pertsonala da eta bigarrena omenaldi aparta izan zen jazzaren eta bluesaren dama handientzat. Lan biak etorri ziren Raphaël Lemmonier pianistaren eskutik. Gero, 'The Ruff Pack' hip-hop taldearekin aritu da lankidetzan, estilo desberdinetara moldatzeko daukan gaitasuna berriro erakutsiz. Horren ondoren, jazzaren eta soularen alabarik kutunena udagoien honetan itzuliko da errepertorio berriarekin, Breaking Point izeneko kontzertuan.
China Mosese & Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) kontzertu bikoitza izango da. Lehena azaroaren 19an (eguena) eta bigarrena azaroaren 20an (barikua), biak 19:30ean, Euskalduna Jauregian.
Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatilan nahiz BBK sarean (www.bbk.es) eros daitezke. Informazio gehiago www.365jazzbilbao.com helbidean eta Bilbao 700 Fundazioaren bulegoetan (Zabalguneko plaza 11).
Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS)
Bilboko Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehenengo kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsicken zuzendaritzapean. Bizkaiko gizarte zibilaren bultzadari esker sortu zen, eta, geroztik, harreman estua dauka Bizkaiarekin: gaur egun, esate baterako, 2.200 abonatu ditu Denboraldi Sinfonikoan. Sortu zenetik, zuzendari titular garrantzitsuak izan ditu: Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesus Aranbarri, Jose Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcantara, Juanjo Mena eta Günter Neuhold. Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da 2015eko irailaz geroztik.
2003ko uztailean, Valery Gergievek San Petersburgoko Mariinski Antzokian jotzeko gonbita egin zion BOSi, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Kontzertu hori hiriaren 300. urteurreneko ospakizunen barruan izan zen. Kontzertua mugarria izan zen Orkestraren nazioarteko proiekzio berrian; izan ere, harrezkero sarritan gonbidatzen dute Nanteseko La folle journée eta Marseillako La Roque D’Antheron jaialdietara.
BOSek, bere historia luzean, bakarlari handienetako batzuekin konpartitu izan du agertokia: Jose Iturbi, Arturo Rubinstein, Jacque Thibaud, Vladimir Horowitz, Fritz Kreisler, Joseph Szigeti, Henryk Szeryng, Vlado Perlemuter, Mstilav Rostropovich, Salvatore Accardo, Joaquin Achucarro, Felix Ayo, Nicanor Zabaleta, Maurice Andre, Mischa Maisky, Narciso Yepes, Alicia de Larrocha, Boris Belkin, Ivo Pogorelich, Jean Pierre Rampal, Asier Polo, Truls Mork, Sabine Meyer eta Frank Peter Zimmermannekin, besteak beste. Ahotsen zerrendan, Victoria de los Angeles, Montserrat Caballe, Alfredo Kraus, Placido Domingo, Luciano Pavarotti, Ainhoa Arteta eta Waltraud Meier aipatu behar dira, bai eta Bilboko Koral Elkartea, Donostiako Orfeoia eta EHUko Abesbatza ere.
Gainera, Orkestrak lan pedagogiko handia egiten du: kontzertu didaktikoak 1985etik (ekimen horretan, aitzindaritzat har daiteke), Kontzertuak Familian, eta musikaren bidezko gizarteratze-jarduerak. Era berean, lankidetza-harremanak ditu beste kultur instituzio batzuekin, hala nola, Arriaga Antzokiarekin, Guggenheim Bilbao Museoarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin.