Hori dela eta '25 urtez elkarrekin bidea egiten' leloa daraman erakusketa inauguratu dute Bilbon, ONCEren egoitzan. Bertan ikusgai dago itsu-zakurren lana eta pertsona itsu baten gidaria izateko itsu-zakur batek bete behar dituen aroak (heziketa, gizarteratzea, trebakuntza eta egunerokotasuna).
Erakusketan fundazioak egiten duen lanaren berri ematen da, eta egun lanean diharduten 1.056 itsu-zakurren berri ere. Horietatik 38 itsu-zakur Euskal Erkidegoan bizi dira: 18 Bizkaian, 17 Gipuzkoan eta 3 Araban.
Basilio San Gabriel, ONCE Euskadiko lurralde ordezkariak; Javier Dominguez, ONCE Euskadiko lurralde Kontseiluko presidenteak aurkeztu dute erakusketa. Bertan Juan Maria Aburto, Bilboko Alkateak gizarte "barneratzailea" aldarrikatu du eta adierazi du ere "denok gure bizitzako uneren batetan laguntza beharko dugu. Aniztasunari esker denontzako egon badagoela lekua gizartean konturatzeko gai izan behar dugu".
Ignacio Erice Gobernuaren Bizkaiko ordezkariak; Begoña Garamendi, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak; Gabin Azaola, Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazio eta Gizarte Sustapenerako zuzendari orokorrak beste batzuen artean hartu dute parte erakusketaren inaugurazioan.
Bertan itsu-zakurrak oztopo finko eta mugikorrak ekiditeko; bide gurutzeak eta kosken berri emateko; edonolako estabelzimendutako sarrera eta irteerak bilatzeko, oinezkoei pasabideak bilatzeko; eskailerak edota autobus geltokiak bilatzeko gai direla ikus daiteke.
Horrez gain etorkizuneko itsu-zakurren 3.000 familia hezitzaileekin egiten den lanaren berri ere ematen da, haiek 25 urte hauetan euren denbora eta maitasunaz zakurrak gidariak izan aurretik bizi duten gizarteratze garaiko protagonistask ere badirelako.
Gehien erabiltzen diren arrazak laborari erretrieverra, golden erretrieverra, artzain-zakur alemaniarra eta flat coated erretrieverra dira. Azpimarragarria da legeek babesa ematen dietela itsu-zakurrak erabiltzen dituztenei bai haiekin batera edonon sartu ahal izateko, bai garraiobidetan, bai toki publiko zein erabilgarritasun publikokoetan.
Euskadin indarrean dagoen legedia honakoa da: http://www.perrosguia.once.es/appdocumentos/perrog/prod/1%20PAIS%20VASCO.doc
Erakusketa ikusgai egongo da Bilboko Zabalguneko Eraikinean (Zabalgune Plaza 11), azaroaren 19 eta 20an honako ordutegian: 09.30-13.30/ 17.00-20.00.
Historia
Pertsona itsuen gizarteratzea da ONCEren helburu nagusienetako bat. Enplegua, gizarte harremanak, kulturalak, eta norbanakoaren autonomia dira integrazio horren ezin besteko oinarriak.
Gero eta konplexuagoa den ingurunean, independentziaz batetik bestera mugitzeak pertsona itsuak ere konponbide fidagarriak eta bizkorrak eskura edukitzea behartu ditu, eta hori hala da itsu-zakureei esker. Pertsona itsu batentzako tresnarik hoberena da mugikortasuna bermatzeko, eta ikusten ez duenaren begi bilakatzen da animalia.
Horregatik, 1990eko irailaren 24an ONCEk Itsu-Zakurraren ONCE Fundazioa (FOPG) sortu zuen bai Europa zein Estatu Batuetako itsu-zakurren eskolak eredu gisa hartuaz.
Boadilla del Monten (Madrilen) dago egoitza, guztira 110.000 metro kuadro ditu eta bertan prozesu guztia bideratzen dute: txakurkumeen heziketa, ostatu eta zaintza, zakurren entrenamendua, albaitaritza klinika, erretiratu diren zakurren aterpea eta itsu-zakurren erabiltzaileen formaziorako erresidentzia ere.