Bilboko Udalak eta Artxandako auzotarren plataformak funikularraren mendeurrena ospatzeko programatutako ekitaldien artean, datorren igandean, azaroak 22, jai-ekitaldi batzuk izango dira. Besteak beste, pintura arineko eta argazki lehiaketak eta 70 metroko tren-zirkuitu txiki bat ere. Pertsonak garraiatuko dira zirkuitu horretan.
Kastaños eta Uribarriko auzo eta kultur taldeek (Salbatzaile Dantza Taldea eta Bonifacio Castaños Kultur Elkartea) dinamizatuko dute eguna. Arratsaldean, Artxandako irristaketa-pistan, funikularraren goiko geltokiaren ondoan, erromeria izango da.
Tren txikiak
Pertsonak garraiatuko dituzten tren txikiak jarriko dira, Bilboko Trenaren Adiskideen Elkarteari esker. Eguneko meteorologia kontutan hartuta erabakiko da tren-zirkuitu txikiko kokalekua, trenek ondo funtzionatzeko lurrak lehor egon behar duelako. Eguraldiak uzten badu, Funikularreko plazan jarriko da eta euria egiten badu, Artxandako irristaketa-pistan, funikularraren goiko geltokiaren ondoan. Edonola ere, ordutegia 10:30etik 14:00etara bitartekoa izango da.
Bilboko Trenaren Adiskideen Elkarteak badu lokomotor elektriko bat, bateriez dabilena, Hercules eredukoa, CV bat duena. Zortzi orduko autonomia du lokomotorrak. Lokomotorrak sei bagoi eraman ditzake eta horietan bizpahiru bidaiari joan daitezke. Umeak bakarrik badoaz, hiru; umeak heldurekin joanez gero, bi.
Argazki eta pintura arineko lehiaketak
Argazki-lehiaketa eta pintura arineko lehiaketa izango dira aldi berean. Gaia lehiaketa bietan 'Funikularra eta ingurua' da. Lehiaketako argazkiak azaroaren 22an entregatu beharko dira, 20:00ak baino lehen, Artxandako Funikularreko leihatiletan. Pintura arineko lehiaketa 09:00etatik 17:00etara bitartean izango da Artxandan, Lorurin eta Funikularreko Plazan, Kastañosen. Funikularreko leihatiletan egin beharko da inskripzioa. Behin lanak amaituta, egun horretan bertan, 16:30etik 17:30era bitartean entregatu beharko dira Artxandako Txakoli jatetxean.
Lehiaketetan hiruna sari egongo dira: Lehiaketa bakoitzeko hiru sariak 1.000, 500 eta 250 eurokoak izango dira. Jendaurrean izango da sari-banaketa, azaroaren 27an, Kastañoseko Auzo Etxean. Artxandako plataformak izendatuko ditu epaimahaikideak. Hiru izango dira, argazkigintza eta Arte Ederretako arloetako pertsona kualifikatuak. Epaimahaiaren erabakia saritutakoei zuzenean jakinaraziko zaie eta Artxandako plataformaren Facebookeko orrian eta udalaren webgunean argitaratuko dira.
Lehiaketei buruzko informazio gehiago eta oinarriak: https://www.bilbao.net/
Trenaren Adiskideen Elkartea: http://www.aafbilbao.net/
Egitaraua
Azaroak 22 igandea
09:00 / 17:00 Argazki eta Pintura arineko lehiaketak. Artxandako auzoen plataforma da antolatzailea. Pintxo-potea, Artxandako ostalariekin elkarlanean.
10:30 / 14:00 Trenen zirkulazioa. Trenaren Adiskideen Elkartea.
19:00 Erromeria Artxandako irristaketa-pistan. Antolatzaileak: Salbatzaile Dantza Taldea eta Bonifacio Castaños Kultur Elkartea.
Azaroan, abenduan eta urtarrilean
Artxandako eta Kastañoseko ostalariek 'Funikular menu bereziak' eta 'Funikular pintxo bereziak' prestatuko dituzte.
[2015-10-21] Artxanda denen esku jarri zuen funikularra
[2015-10-15] 27.000 pertsonak erabili zuten Artxandako Funikularra ate irekien egunetan
[2015-10-07] Udalak Artxandako funikularraren mendeurrena ospatu du
[2015-10-07] Gaur Artxandako Funikularrak 100 urte
[2015-10-01] Makinatxu bat ekitaldi Bilboko Funikularraren mendeurrenaren harian