Oroimeneko lekuak eta ibilbideak Bilboren historiari buruzko sinposioan

uriola.eus 2015ko aza. 23a, 06:00

Foruen Monumentua (1894). Alberto Palacio / www.bilbaopedia.info

Bidebarrieta Kulturguneak Eusko Ikaskuntzarekin batera Bilboren historiari buruzko sinposioa antolatu du gaur eta bihar. Sinposioaren aurtengo edizioak oroimeneko lekuak eta ibilbideak izango ditu ardatz. 

'Oroimeneko lekuak eta ibilbideak. Bilbori buruzko Museoa' izenburua darama aurtengo topaketak 20 aditu eta ikerlari baino gehiagoren partaidetza izango du, eta helburua, gaur egungo bilbotarren eguneroko bizitzako parte diren, baina hiriaren historiaren parte ere badiren, lekuei eta ibilbideei buruzko arreta piztea da.

Sinposioa gaur, astelehena, hasiko da 18:00etan liburutegiko ekitaldi aretoan. Inaugurazio hitzaldia Marcello Verga Florentziako Unibertsitateko irakasleak eskainiko du, eta hiriko museoei, udal tradizioei eta historia globalarekin uztartzeko moduari buruzko bere ikuspegia azalduko du. Ondoren, topaketaren lehenengo saioa izango da. Saio horretan, bertako lau ikerlarik, Bilboren historiako funtsezko alderdiak eta lekuak aztertuko dituzte, egungo Berreginen Museoa edo San Antongo zubi zaharra, beste batzuen artean.

Asteartean, azaroaren 24an, saioak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, udalerriaren historiaren bederatzi ikuspegi azalduko dituen lehenengo topaketarekin. Erdi Aroko harresiaren eraikuntzatik hasi, Areatzaren lehen eraldaketatik igaro eta XX. mendean izandako aldaketa handiekin amaitu –ez hirigintzakoak soilik, baita gizarte eta politika mailakoak ere–. Azken saioak hiriaren bi alderdi oso zehatz ezagutzeko aukera emango die hurbiltzen diren guztiei, bata erlijioarekin erlazionatutakoa, eta bestea zinearekin lotutakoa.

Eusko Ikaskuntza Sinposioa urtero burutzen da 1996tik Bidebarrieta Kulturgunea kultura espazioan, Eusko Ikaskuntzak berak eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Bilboren eta Euskal Herriaren historiari buruzko zenbait atal era monografikoan lantzeko, gure historian sakontzeko eta berau kontserbatzeko helburuz.