Bilboko Itsas Museoak ateak zabalduko ditu bere XII. urteurrena ospatzeko

uriola.eus 2015ko aza. 20a, 08:30

Argazkiak: www.museomaritimobilbao.org

Gaur, ostirala, hilak 20, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bere XII. urteurrena ospatuko du, doako sarrera eskainiz. 

Museora hurbiltzen diren guztiek ateak zabalik aurkituko dituzte. Bertan, berriki aurkeztu den 'Euskal Herria Flandes eta Europatik ikusita. Antzinako kartografia, XVI eta XVII. mendeak' kartografia erakusketa ez ezik aldi baterako beste erakusketa hauek ere bisitatu ahal izango dituzte: 'Itsasadarraren magia' eta 'Montserrat: askatasunaren bila'. Ordutegia: 10.00etatik 18.00etara.

2003ko azaroaren 20an museoak ateak zabaldu zituenetik, besteak beste, 40 erakusketatik gora antolatu ditu, 30 ontzi baino gehiago bisitatu ahal izan dira eta milaka ikaslek bertan buruturiko tailerretan parte hartu dute. Museoak Bilboko itsasadarrarekin lotura duen "ondarea kontserbatu eta zabaltzea" du helburu eta horretan dihardu lanean, "kalitatezko eta balio anitzeko kultura eta hezkuntza eskaintza zabala eskainiz, bisitatzen gaituzten guztioi itsasoa eta itsasadarra hubiltzeko desioz".

Gabonetan tailerrak

Bestetik, datorren astelehena, hilaren 23tik aurrera, Itsas Museoak antolatu dituen Gabonetako tailerretan parte hartu ahal izateko izen ematea zabalik izango da. Tailerrak abenduaren 23, 28, 29, 30 eta urtarrilaren 4 eta 5ean ospatuko dira. Informazio gehiago: www.museomaritimobilbao.org

@MaritimoBilbao

facebook.com/MuseoMaritimoBilbao