Jean-François Ravagnan zinegile belgikarraren Renaître (2015, Fikz, Belgika) fikziozko film labur dokumentalak irabazi du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren-Zinebiren 57. Edizioko Sari Nagusia. 8 minutu baino pixka bat gehiago irauten duen eta Isabel Herguera zuzendariak egin duen Amore d'inverno (2015, Ani, Euskadi), animaziozko lanak irabazi du Euskal Zinearen Sari Nagusia, eta Xacio Bañoren Eco (2015, Dok, Espainia) dokumentalak lortu du Zine Espainiarraren Sari Nagusia.
Horrez gain, Bruno Carboni zingilearen O teto sobre nós (2015, Fik, Brasil) film brasildarrak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria. Zinebiko aurtengo edizioan 30 herrialdetako 65 film lehiatu dira Sekzio Ofizialean.
Sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du Zinebi 57ko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: Jose Maria Lara zine ekoizlea, Florence Miailhe animazio zinegile frantziarra, Maria Jose Santacreu Uruguaiko Zinematekako zuzendari eta kultur kazetaria, Kepa Sojo zinegile eta gidoilari arabarra eta Susana de Sousa Dias zinegile portugesa.
Zinebiren 57. edizioaren amaiera ekitaldia Itziar Ituñok aurkeztuko du, eta gaur arratsaldean ospatuko da Arriaga Antzokian (20:00etan). Ekitaldian, sari guztiak banatzeaz gain, Ohorezko Mikeldia emango zaio Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrari. Horrez gain, Gerra Zibilaren ostean Miguel Mezquirizek errodatu zuen eta Zinebi 57k, Euskal Filmotekaren laguntzarekin, berriztatu duen Bilbao en el segundo aniversario de su liberación film labur dokumentala, Franco en Bilbao izenez ezagutzen dena, ere eskainiko da.
Sariak generoz-genero
Zine dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Camilo Restreporen La impresión de una guerra (2015, Frantzia/Kolonbia) film frantziar-kolonbiarrak jaso du, eta Fernando Dominguezen Salers (2014, Argentina) dokumentalak irabazi du Zilarrezko Mikeldia.
Fikziozko film hoberenaren Urrezko Mikeldia, Michel Zarazirren Sous les soutanes (2015, Libano) lanak irabazi du, eta kategoria horretako zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Ewa Gorznaren Rearranged (2014, Finlandia) filmak jaso du.
Animazioaren atalean, sariak hiru emakumeren artean banatu dira. Horrela, Urrezko Mikeldia Nina Gantzen Edmond (2015, Erresuma Batua) lanak irabazi du, eta Eleonora Marinoniren eta Elice Mengen D'ombres & D'ailes (2015, Frantzia/Suitza) filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia.