Erasoen aurrean antolakuntza eta autodefentsa

Elkartzen 2015ko aza. 24a, 09:14

Nekez entzungo dugu gaurko egunez adierazpen instituzionaletan kapitalismoari erreferentziarik. Ez bada, borroka feministak egindako urteetako lanari esker, bi hitz hauek ezin banatzearen ikasitik. Feminismotik ikasi dugu kapitalismoaren ideologia patriarkala dela. 

Patriarkatua, jendartearen estruktura ideologiko, politiko eta ekonomikoan integratua dago eta emakumearen aurkako zapalkuntza, esplotazio eta genero menderatzearen bidez adierazten da. Honela, sexuen arteko lanaren banaketaren bitartez, kapitalismoak, bere biziraupenerako eta erreprodukziorako, emakumeok erabiltzen gaitu. Erabilpen horren zirrikitu guztiei indarkeria darie.

Sistema honen biziraupena eta erreprodukzioa ziurtatzen dituzten botere harremanak betikotzeko indarkeria oinarrizko osagaia da. Egiturazko indarkeria hau antzemanezina izatea bilatzen du sistemak, existitzen ez dela sinetsi arazi arte. Emakumeon kontrako biolentzia guztien artean baliteke indarkeria fisikoa ikusgarriena izatea, agerikoena bait da. Baina patriarkatuak, kapitalak bezala, egiturazko indarkeria beharrezkoa du: emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, ikusezintasuna, hizkera sexista eta matxista, prekarietate, pobreziaren feminizazioa, muturreko pobrezia egoerak….ea. Kapitalaren irabazi tasak behera egiten duen heinean indarkeriaren erabilpena agerikoagoa eta bortitzagoa bilakatzen ari da.

Egoera hau bere horretan mantentzeko, familiaren paperak berebiziko garrantzia dauka. Familia eredu patriarkala, emakumeen gain erortzen diren etxeko lanen ikusezintasunean oinarritzen da, sozialki beharrezkoa den lanean alegia. Patriarkatuak sistema kapitalista sostengatzen duen bezala familiak patriarkatua sustatzen du, patriarkatuaren erreprodukzioa ziurtatzen laguntzen duelarik. Zentzu horretan ez da arraroa familia eredu hori zalantzan jartzen duten beste identitateen kontrako erasoak ere gora egin izana (Deustua, Getxo, Santutxu, Iruña…ea).

Patriarkatuak emakumeon zapalkuntza ziurtatzeko, beste bide batzuen artean, emakumeon kondizio materialak baldintzatzen ditu, kapitalismoak bikain ikasi eta erabiltzen duena. Gizonekiko ekonomikoki menpekoak izatera kondenatu nahi gaitu (prekarizazio prozesua eta pobrezia bortitzago pairatzen dugu, lan merkatuan lan baldintza kaskarrenak eta soldata baxuenak dituzten lanetara kondenatzen gaituzte, gizonek egiten duten lan bera egiten badugu ere gutxiago kobratzen dugu…ea). Bada, sistema patriarkala gainditzerako bidean urratsak ematen hasteko ezinbestekoa da lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzea, Pobreziaren Muga ezartzea (BPG per kapitaren %37,5a) eta kantitate hau berdindu edo gaindituko duen gizarte soldata bat ezartzea. Era berean, langileen arteko gutxienengo soldata BPG per kapitaren %50ean ezarri behar da genero ezberdinetako langileen arteko soldata ezberdintasuna ekidinez. Independentzia ekonomikorik barik askatasuna eta independentzia pertsonala hitz hutsak baino ez dira.

Gaur, gure bizipenetatik haratago, badakigu emakume izateak dituen ondorioak emakumeongan. Emakume langile izatearen ondorio bortitzak ezagutzen ditugun bezala. Gure erraietan daramagu euskal emakume langile izatearen indarkeria.

Herri honek hamaika eraso ezagutu ditu bere historian zehar eta eraso guzti horien aurrean bere burua defendatu du. Herri honen langileriak biolentzia mota asko pairatu ditu eta egoera horri aurre egiteko beharrezkoa izan du bere burua antolatzea. Herri honen emakume langileok legitimitate osoa izan ez ezik eraso guztien aurrean bizirik ateratzeko aukera bakarra antolakuntza eta autodefentsa feminista ere badugu. Zentzu horretan azaroaren 25aren harira Euskal Herriko txoko guztietan emango diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu baita egunero txoko guzti horietan ematen diren eraso guztiei erantzutera gonbidatu ere. Bat ikutzen badute guztiok ikutzen gaituzte.

Geure buruak defenda ditzagun! 

Gora borroka feminista!

 

Regina Maiztegi eta Latxe Uranga Elkartzeneko kideak