Horrez gain, Elena Alonso Fraylek accesit bat ere lortu du 'Gente tan afín' kontakizunarengatik. Lehiaketaren historian bigarren aldiz, egile berak lehen saria eta epaimahaiak emandako accesietako bat lortu du. 2014an Ekaitz Goienetxea kazetari eta idazleak lortu zuen.
Sarien banaketa gaur eguerdian egin da Bilboko Udaletxeko Areto Arabiarrean, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan egon da, epaimahaiko zenbait kiderekin eta azken edizio honetan saria lortu duten batzuekin batera. Gure Hiriko literatur lehiaketa ezagunenetakoa dela esan behar da.
Aurtengo edizioko epaimahaiak euskarazko kategorian aurkeztu den lan kopuruaren hazkundea azpimarratu du, 63. Iazko edizioan 39 aurkeztu ziren, hau da, %61eko hazkundea eman da. Guztira, aurten jatorrizko 379 lan aurkeztu dira, Estatutik kanpoko 29 lan barne, Latinoamerikako herrialdeetatik eta Estatu Batuetatik (10), batez ere.
Euskarazko kategorian, Fernando Morillo, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatutako epaimahaiaren iritziz, Katixa Agirre idazle arabar gaztearen 'Hesperia, California' kontakizuna da edizio honetan aurkeztu diren 63 kontakizunen artean hoberena. Kontakizun horretan, epaimahaiak "tonu bikaina" eta "freskotasuna" azpimarratzen ditu, elkarrizketetan batez ere, eta baita "amaiera bat ere itxia ez izatea" ere, "egileak ateak zabalik uzten dizkiolako irakurlearen irudimenari".
1981ean Gasteizen jaiotako Katixa Agirre Ikus-entzunezko Komunikazioan Doktore eta irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). 2007an argitaratu zuen bere lehenengo ipuin liburua, 'Sua falta zaigu', eta haren ondoren 'Habitat' etorri zen, Igartza Bekarekin izandako lankidetzaren ondorioz, 2009an. Aurtengo martxoan bere lehenengo eleberria argitaratu du, 'Atertu arte itxaron'.
Gaztelaniaz aurkeztutako testuak baloratzeko Juan Bautista Bilbao, Aixa de la Cruz eta Iván Repila idazleek osatu duten epaimahaiak Elena Alonso Frayleren 'Misericordia' lana aukeratu du. Epaimahaiko kideen hitzetan "kontakizun harrigarria da, aukeratutako gaiaren ausardiarengatik, lehiaketetara aurkezten diren kontakizunetan nagusi den zuzentasun politikotik urrun, eta baita gaia lantzeko orduan erakusten duen zoiltasunarengatik eta dotoretasunarengatik ere".
Espainian eta Mexikon hainbat lan egin dituen Elena Alonso Fraylek (Bilbo, 1965) hogei bat literatur sari ditu, eta horien artean daude Bilboko Udalaren Emakumeak Kontari XVI. Lehiaketako sari nagusia (2009), Juan Martín Sauras XV. Literatur Lehiaketakoa (2010), Ignacio Aldecoa XLI. Ipuin Lehiaketakoa (2012) eta Haur Narrazioko Ala Delta Sarikoa (2015), besteak beste.
Alonso Frayle espainiar estatuan eta Frantzian, Senegalen, Alemanian, Argentinan eta Thailandian bizi izan da, baina une honetan Berlinen bizi da. Azken urteetan Japonologia ikasketak egin ditu Freie Universität Berlin izenekoan, eta buru belarri aritu izan da idazten. Argentinan bizi izan zen urteetan Liliana Hekerren literatur tailerrean prestakuntza jaso ondoren erabaki zuen idaztea izango zela bere bizibidea.
Accesitak
Horrez gain, Udalak, bakoitzak 1.750 euro banatuko dituen lau accesit eman ditu. Gaztelaniazko biak Paula Zumalacárregui idazlearen 'Los Larguiruchos' lanari eta dagoeneko aipatu dugun Elena Alonsoren 'Gente tan afín' kontakizunari eman zaizkio. Euskarazko kategorian, accesitak Aritz Gorrotxategi Mujikaren 'Guztiok anaiak gara', eta Urt Zubiaurre Otamendiren 'Araotz' lanek jaso dituzte.
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero deitzen du Bilboko Udaleko Kultura Sailak, eta bere helburua literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, eta baita Gabriel Aresti (1933-1975) idazle bilbotarraren oroimenari eustea eta haren lana gogoraraztea eta bizirik iraunaraztea ere.