Itsas Museoak itsasadarraren 1.001 marrazki biltzeko erronka luzatu die 4 eta 12 urteko umeei

uriola.eus 2015ko aza. 26a, 09:00

Bilbo Metropolitarraren Osoko Saneamendu Planaren 35 urteei buruzko 'Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz' aldi baterako erakusketaren amaiera dela eta, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak erronka luzatu die 4 eta 12 urte arteko umeei, Itsasadarri buruzko mila marrazki biltzeko, etorkizunean zelangoa izatea nahiko luketen adieraz dezaten. 

'Itsasadarraren 1.001 ametsak' izenburupean, ekimenak teknika librean egindako mila marrazki jaso nahi ditu, liburu formatuan biltzeko, maiatzetik ia 20.000 pertsonak bisitatu duten erakusketa horri amaiera emateko.

Erakusketa abenduaren 29an amaituko da, Tor Magoaren ikuskizuna –doakoa– jasoko duen eta familia osoari zuzenduta egongo den jaiarekin. Bertan sariak zozketatuko dira euren marrazkiekin Itsasadarraren arte albuma osatzeko parte hartzen duten ume guztien artean. Horrela, partaide guztien artean, Athletic Club-eko lau kamiseta ofizial zozketatuko dira, sinatutakoak. Jaia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte. Gonbidapenak Itsas Museoan har daitezke jada, Itsasadarri buruzko marrazkia aurkeztean.

Parte hartu nahi duten ume guztiek abenduaren 29ko goizeko 11:00ak arte egin ahal izango dute, euren marrazkiak Itsas Museoaren txarteldegian entregatuz. Teknika librea den arren, partaideek, txarteldegian bertan jaso daitekeen edo museoaren webgunetik jaitsi daitekeen txantiloi komuna erabili beharko dute (jaisteko esteka: http://goo.gl/t0LtwY). 

'Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz' proiektua Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Itsas ikerketarako zentro teknologikoak – AZTIk antolatu dute elkarren artean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, URA – Uraren Euskal Agentziaren, Bilboko Portuaren eta Iberdrolaren laguntzarekin, animalia eta landare bizitzarik ez zuen eta oso egoera txarrean zegoen itsasadarra ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzera eraman duen hiru hamarkadatako prozesua ezagutarazteko helburu nagusiarekin. Gaur egun Hiriaren ardatz egituratzaileetakoa da, herritarren gozamenerako berreskuratu diren ertzekin. 

Azken Egunak

Ateak joan den maiatzean zabaldu zituen erakusketak, kolektore –hondakin urak araztegietara eramaten dituzten hodiak– handiaren itxura duen egiturarekin jasoko du bisitaria, eta bertan 70eko eta 80ko hamarkadetako Itsasadarreko argazkiak ikusi ahal izango dira. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean, Itsasadarraren inguruak industrializazio-prozesu handia abiarazi zuen, burdin mineralaren ustiaketan eta esportazioan eta industria siderurgikoan oinarrituta, batez ere.

Bilboko Itsasadarra, portu txikia izatetik Estatuko eta Europako industria-gune eta merkataritza-gune nagusietakoa izatera heldu zen. Urte gutxiren buruan, Itsasadarraren bazterrak lantegiz eta portu-azpiegituraz bete ziren, eta, gero eta eskulan gehiago behar zenez, etorkin mugimendu handia bizi izan zen, eta horren ondorioz, biztanleriak hazkunde handia izan zuen inguru horretan. 1900. eta 1975. urteen artean, populazioa laukoiztu egin zen.

Garapen horrek aurrera egin ahala, Itsasadarraren urak kutsadura maila ikaragarria erakusten hasi ziren. Inolako antolakuntzarik gabeko hiri hazkundearen eta ingurumen kontzientzia faltaren ondorioz, hondakin urak –etxeetakoak eta industriakoak– zuzenean isurtzen ziren ubidera, aurretik inolako tratamendurik eman barik. Itsasadarrak, meatzaritza ustiategietatik batez ere zetozen 900 tona hondakin solido jasotzen zituen egunero, 400 tona isurkin azido, 80 tona metal, eta baita zianuroa edo nitrogenoa zuten konposatuak ere; laburbilduz, ia 2.000 tona hondakin isurtzen ziren egunero, eta, ondorioz, oxigenorik gabeko estolda bihurtu zen.

Bilbo Metropolitarraren Osoko Saneamendu Planaren helburu nagusietakoa Bilboko Itsasadarra ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzea izan zen, hain zuzen ere, eta horretarako %60ko oxigenazioa ezarri zen uren kalitatearen estandar gisa. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 80ko hamarkadaren hasieran jarri zuen martxan programa hori, EAE-n egindako ingurumen proiekturik garrantzitsuena, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.