Bilbao BBK Live 2016

Jose Gonzalez BBK Live jaialdian egongo da, folk estiloko bere proposamenarekin

uriola.eus 2015ko aza. 26a, 10:30

Musikari suediarra ere, folk estilo garaikideko interprete pertsonaletako bat, Bilbao BBK Live jaialdiaren hamaikagarren edizioaren egitarauan egongo da; uztailaren 7an, 8an eta 9an izango da. Hala, orain arte baieztatu diren Pixies, M83, Father John Misty eta Courntey Barnett bandek osatutako egitarauari bere izena gehituko zaio. 

Jose Gonzalez Latinoamerikako folkarekin eta Silvio Rodriguezen musikarekin inguratuta hazi zen. Jatorri argentinarreko musikariak modu berezian jotzen du gitarra akustikoa, eta gitarra bera kolpatuz perkusioa ere sortzen du; horrekin eta bere ahotsarekin nahikoa du bere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera daukatenengan emozio biziak pizteko.

Beste artista batzuen abestiei forma emateko izugarrizko gaitasuna du; hala, berak egiten duen folk berezitik urrun dauden Heartbeats (The Knife taldearena) edota Love Will Tear Us Apart (Joy Division taldearena) bezalako doinuei bere ukitu pertsonala eman die.

Vestiges & Claws izeneko hirugarren lana 2015. urtearen hasieran argitaratu zuen Jose Gonzalezek, aurreko LPa plazaratu eta bederatzi urtera. Tartean bi lan argitaratu ditu Junip bandarekin, bakarkako ibilbidea egiten duen bitartean daukan taldearekin, alegia. The Göteborg String Theory orkestrarekin zenbait bira egin ditu, eta hainbat kantu sortu ditu La Secreta Vida de Walter Mitty filmaren soinu bandarako.

Vestiges & Claws lana Jose Gonzalez da ehuneko ehunean. Diskoa artistak berak grabatu eta ekoiztu zuen ia-ia osorik, bere etxean; ñabardurei arreta berezia eskaini zien, eta punta-puntako teknologia erabili zuen hain zuzen ere soinu ia analogikoa eta epelagoa lortzeko.

Diskoa aurkezteko bira arrakastatsua egiten ari da, eta dagoeneko Thailandia, Europa eta Ipar Amerika zeharkatu ditu. Datorren urteko udan proposamen ezin pertsonalago honetaz gozatzeko aukera izango dugu Bilbon.

Jose Gonzalez Göteborg hirian jaio zen 1978. urtean; jazarpen militarrengandik Suediara emigratu zuten guraso argentinarren semea da.

Bonu eskaintza

Jaialdiak ondoz ondoko bigarren sold out delakoa egitea lortu zuen aurreko edizioan, eta, une honetan 90 euroko bonu eskaintza bat du abenduaren 3ra arte (gehi sei euro gastuengatik). Kanpina duen bonuak 100 euroko prezioa du, gehi sei euro gastuengatik.