Hiria parra geratu da. Michelin gidak urtero banatu ohi dituen izarren partiketan, Bilboko jatetxe batek izar bat galdu du eta beste batek izar bat irabazi du. Hortaz, Bilboko bost jatetxe dira Michelin izarra dutenak. Bana dutenak.
Eutsi egin diote beteranoek, Etxanobe eta Zortzikok. Berriagoek ere bai, Minak eta Neruak. Galdu egin du iaz irabazitako izarra Aizian jatetxeak eta irabazi, aldiz, Zarate jatetxeak.
Pozarren dago atzotik Sergio Ortiz de Zarate chefa, sariaren berri izan zuenetik. Zarate jatetxeak eskaintzen duen arrainen kartaren kalitate handia goraipatu du Michelin gidak eta aitortza gisa eman dio izar bat.
Lekeition du jatorria Sergiok eta gaztetatik aritu da sukaldean lanean. Eskerrak ematen eta komunikabideei erantzuten eman baditu ere azken orduak, gaur, ez du sukaldean hutsik egin. Egunero bezala lanean ospatu du lankideekin batera atzo jasotako saria.
Bilboko Michellin izarrak 2016ko Michelin gidan
Zortziko jatetxea: Michelin izar bat. Daniel Garciak zuzendua.
Etxanobe jatetxea: Michelin izar bat. Fernando Canalesek zuzendua.
Mina jatetxea: Michelin izar bat. Alvaro Garridok zuzendua.
Nerua jatetxea: Michelin izar bat. Jose Martinez Alijak zuzendua.
Zarate jatetxea: Michelin izar bat. Sergio Ortiz de Zaratek zuzendua.