Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzia, beste udalkide batzuekin, egon dira ekitaldi horretan. Ekitaldi hori urtero egiten diren lagunarteko ekintzetako bat da. Horrela, bada, senideekin, lagunekin eta monitoreekin batera, adinekoek saio honetan normalean euren taldeetan egiten dituzten zenbait ariketa‑zirkuitu egin dituzte eta, amaitzeko, sariak zozkatu dira eta dantzaldia egon da, adinekoek hor erakusten baitute euren bizipoza.
Adinekoen artean osasuna ariketa fisikoen bidez sustatzeko programan ia 3.000 pertsona aritzen dira. Izena emandako pertsonen batez besteko adina 79,6 urtekoa da. Ekimen honen bidez, parte-hartzaileen sozializazioa bultzatu nahi da, kirol-irizpideen gainetik, adinekoei aktibo egoten laguntzea eta ohitura osasuntsuak eta tresnak eskaintzea euren eguneroko bizimoduan aplikatzeko eta, horrela, euren autonomia-maila handitzeko.
Parte-hartzaileak 90 taldetan banatzen dira eta 22 zentrotan (kiroldegiak, barrutietako udaltegiak, erretiratuen etxeak edo parrokietako lokalak) egiten dituzte jarduerak. Taldeek ariketa fisiko egokituko saio bat edo bi egiten dituzte astean, kualifikazio handiko eta adineko pertsonekin esperientzia handiko monitoreek gidatuta.
Osasuna zaintzea
Programa honek onarpen handia dauka bilbotarren artean eta erabiltzaileek oso modu positiboan baloratzen dute.
Ariketa fisikoa ezinbestekoa da osasuna zaintzeko eta programa honen helburua da adinekoei egoneko bizitza ekiditen eta aktibo egoten laguntzea. Baina, horrez gain, beste onura batzuk ere lortu nahi dira. Horrela, ariketa fisikoa egiteko programaren ondoan osasun heziketako eta osasuna zaintzeko ekintzak antolatzen dira: tentsio arteriala kontrolatzea, nutrizioari buruzko hitzaldiak, gripea prebenitzea, ohitura osasungarriak, eta abar, bai eta gizarte-ekintzak ere, adibidez Gabonetako jai hau, Aratusteetako bazkaria eta denboraldi amaierako topaketa.