"Herritar guztien konpromiso partekatua" eskatu dute "etxe gabeko pertsonarik egon ez dadin"

uriola.eus 2015ko aza. 26a, 14:27

Argazkia: Zubietxe elkartea ‏@zubietxe

Beste Bi plataformak deituta lagun ugari elkartu dira Sendejako estalpean "denok etxea izatea" posible dela aldarrikatzeko. Horretarako azken bost urtetan landutako manifestua irakurri dute eta plazaratutako eskaerak "inoiz baino beharrezkoagok" direla azpimarratu dute. Gizarteari, komunikabideei eta administrazioei "konpromiso partekatua" eskatu diete "etxe gabeko pertsonarik egon ez dadin".

"Denok elkarrekin; administrazio, komunikabide, gizarte erakunde eta herritarrok konpromiso bateratu bat hartzen badugu, posible da pertsona guztiek etxea izatea". Hori da Etxe Gabekoen 2015eko egunaren harira prestatutako mezu eta jardueren helburua.

Azaroaren 29an izango da eta hauxe da aurtengo leloa: 'Posible delako. Inor ez etxerik gabe. Pertsona guztiek etxebizitza edukitzea denon konpromisoa da'. Gaur, osteguna, azaroak 26, eguerdian 40 ekitaldi inguru burutu dira Espainiar estatu osoan BesteBi plataforma, Caritas, FACIAM, fePsh eta XAPSLL erakundeek deituta. Bilbon, hainbat elkarte eta lagun batu dira Areatzan, Sendejako estalpean.

Bost urtetan 'Inor ez etxerik gabe' kanpaina landu ondoren, gaurko konpromisoak eskatzeko eguna izan da. Gizartearen, komunikabideen eta administrazioaren erantzukizuna eskatu diete etxe gabeko pertsonekin lan egiten duten erakundeek. "Herritar guztien konpromiso partekatua" proposatu dute "etxe gabeko pertsonarik egon ez dadin".

Administrazio publikoei

Politika sozialak eskatu dituzte, "berehala". Pertsonak ardatz hartuko dituztenak, bereziki etxerik gabeko pertsonak, eta oinarrizko eskubideen babes eta bermearen alde egingo dutenak: osasuna, etxebizitza, gizarte babesa eta abar. "Administrazioen konpromisoa ezinbestekoa da gizarte babes eta zerbitzuen arloko inbertsioa berreskuratzeko", adierazi dute Beste Bi plataformako kideek. "Eskatzen dugu 'Etxerik gabeko pertsonentzako Estrategia Nazional Integrala' asmo hutsetan ez dadila geratu, eta benetako garapen eta ezarpena izan dezala".

 

Gizarte komunikabide eta sareei

Sentsibilitatea eskatu diete komunikatzaileei, etxerik gabeko pertsonenganako sentsibilitatearen ikuspuntutik komunikatu dezatela, "sentsazionalismoa eta estigmak alde batera utziz, bazterkeriaren fenomenoa prozesu konplexu gisa ikusaraziz eta eskubideak kontuan harturik".

 

Herritar guztiei eta gizarte osoari

Kanpainaren bost urte hauetako eskakizunari eutsiz, Areatzako gaurko elkarretaratzean gogoratu dute "guztiok pertsonak garela eta, beraz, eskubide berberak ditugula". Aurreiritzi gabe, etxerik gabeko pertsonengana hurbiltzeko eta euren eskubideen alde mobilizatzeko deia egin diete herritarrei. "Topaketarako begirada eta jarrera egokiak behar dira, aurreiritzirik gabe. Gizarte erakunde eta mugimenduetan parte-hartze handiagoa, gizarte-bazterkeria betikotzen duen gizarte-eredua aldatzeko. Itxaropen eta aukerak mobilizatzeko eragile izan behar dute herritarrek. Horrek esan nahi du salatzea, eskatzea eta bazterkeria egoera handienean dauden pertsonen eskubideak aldarrikatzea, hau da, etxerik gabeko pertsonenak".

Manifestua

ETXEBIZITZA pertsona guztiok maitasuna, laguntasuna eta segurtasuna aurkitzen dugun lekua da. Bizitzaren gainerako eremuetara sartzeko bidea ematen du; horregatik ez dugu ulertzen nola egon daitezkeen oraindik etxebizitza hutsak, pertsona asko kalean edo aterpeetan egonik: Etxebizitza sozialak lortzeko aukerak zabaldu eta hobetzeko eskatzen dugu.

OSASUNA ez da negozioa, pertsona guztiok daukagun eskubidea da. Horregatik, osasun txartela ukatzen denean, eskubideak urratzen dira. Txartela daukaten baina kalean bizi diren pertsonekiko aurreiritziak daude. Osasunaren eta etxebizitzaren arteko erlazioa zuzena da: Etxebizitzaren egoera hobetuta, osasuna hobetzen da. ETXEBIZITZA+ = OSASUN+

LAN EGIN NAHI DUGU: Ez dugu diru-laguntzetatik bizi nahi. Gure egoeran dauden pertsonekin lotutako topiko eta estereotipoak hautsi nahi ditugu.

ERROLDAREN bidez zeure burua ikusarazten duzu, 'pertsona zara', baina udal askok ez gaituzte erroldan sartu nahi. Hala ere, erroldan egotea beharrezkoa da herritar gisa bizitzeko; gizarte zerbitzuak, osasun txartela eta abar lortzeko.

Ez dugu ulertzen zergatik dauden horrenbesteko zailtasunak GUTXIENGO ERRENTAk jasotzeko, batez ere zentro batean edo bestelako gizarte baliabide batean bazaude. Ez badugu inolako diru-sarrerarik, nola egingo diogu aurre gure egoerari?

PARTE-HARTZEA zerbaiten parte izatea da, balio bat da, ez lortu beharreko helburu bat. Parte hartzea eragozten diguten beldurrak ditugu, kalean bizi izandako egoera negatiboen ondorioz; horregatik nahi dugu gizarteko beste edozein pertsona bezala bizi.

HARREMAN SOZIAL positiboak eduki nahi ditugu, bakardadea atzean uzten lagunduko diguten loturak sortu. Inor ez edukitzea dena galduta izatea da. Argi daukagu: EZ GARA INOR GAINERAKO PERTSONAK GABE.

www.bestebi.net

www.facebook.com/BesteBi-Plataforma