Gabonetarako apain

uriola.eus 2015ko aza. 27a, 09:45

Argazkia: www.feelingbilbao.com

Eguberrietarako geroz eta gutxiago falta da eta horren adibide dira hiriko kaleak apaintzen dituzten gabonetako argiak. Atzo iluntzean hiriko barruti guztietan Eguberrietako argiak aldi berean piztu zituzten. Plaza Biribilean antolatutako ekitaldi batean, Juan Mari Aburto alkateak eta Olatz Elgea Bilbao Dendakeko zuzendariak hirian merkataritzak duen "erakargarritasunaren garrantzia" nabarmendu dute, batik bat, "salmentak lortzeko urteko aldirik aproposenari aurre egiteko prestatzen ari den une honetan".

Atzotik 1.200.000 LED baino gehiago arduratuko dira hiriko kaleak eta plazak argiztatzeaz 18:00etatik 22:00etara igandetik ostegunera eta 23:00ak arte ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan.

Kopuru hau Udalak eta hiriko merkatarien elkarteek (Zazpi Kaleak, Bilbo erdigunea, Errekalde, Deustu, Uribarri-Kastaños, Santutxu eta San Ignazio, Ibarrekolanda eta Elorrieta) jarritako argiztapenaren batuketa da. Merkatariek jarri dituzte, baina Udalak ere laguntzen du, elektrizitatea ordaintzen baitu.

Horrela, azken urteetan Bilboko Udalak sustatutako energia-kontsumoa aurrezteko politikari eutsiko zaio. Erabilitako argien %100 LED tipologiakoak dira, ahalik eta eraginkortasun gehien lortzeko eta argindarraren fakturan kosturik txikiena eragiteko. Gainera, Udala da Gabonetako apaingarrien eta argien jabea, eta horri esker ekipo horiek alokatzen urtero sor daitezkeen kostuak ekidin ditzake. Argiak jartzeak eta kentzeak ez du xahuketarik suposatzen, Udaleko langileek egiten duten zeregina baita.

 

Barruti guztietan egongo dira argiak

Gabonetako instalazioak orekaz banatu dira barruti guztietan zehar, "kalitatezko apaingarriek eskaintzen duten Gabonetako giro atsegin eta erosoaz gozatu ahal izateko." Urtero, Bilboko Udalak "toki gehiagora iristeko eta espazio gehiago apaintzeko ahalegina" egiten du, hiriko beste txoko batzuetara ere Gabonetako giroa zabaltzeko.

Udalerriko barrutietako argiteria, halaber, teknologia berriek eskaintzen dituzten hobekuntzetara egokitzen da, bai segurtasunari dagokionez, bai kalitate eta diseinuari dagokienez. Hauexek dira Bilboko kaleetan jartzen diren apaingarriak fabrikatzeko oinarri gisa hartzen diren egiturak: LED elektronikoa eta LED argidun haria.

Punta-puntako teknologia elektronikoko LEDak. Iraupen luzeko LED teknologia da, energia-kontsumo oso txikia duena. Mota honetako LEDetarako eskuragarri dauden koloreak puruak dira, eta ematen duten argiari esker apaingarri bikainak dira mota guztietako dekorazioetarako.

LED motako argidun haria. PVC materialeko kordoi baten bidez osatuta dago, non LED argiak txertatzen diren. Diseinu elektronikoko punta-puntako teknologiako argiak dira, eta izpi ultramoreen aurkako tratamendua duen PVC materialeko zorro batekin daude estalita. Zorro hori apur bat koloreztatu da, distira handitzeko eta bizitza luzatzeko. Apaingarri horren kontsumoa, gutxi gorabehera, 1 W-ekoa da metro linealeko; horrela, energia nabarmen aurreztea lortzen da.

 

Arbolak

Gainera, hamabost izei jarri eta apainduko dira; guztiak izango dira artifizialak eta 7 eta 20 metro bitarteko altuera izango dute. Horrez gain, urte osoan hiriko espazio publikoari bizitza eta edertasuna ematen dioten beste zuhaitz batzuk argiztatuko dira: palmondoak, zedroak, algarroboak, izeiak, prunus familiako zuhaitzak, ezkiak, magnoliak, tulipa-zuhaitzak, normandianak, haritzak eta astigarrak.

 

Argazkia: www.feelingbilbao.com