Kultur eragileak eta gizarte eragilek elkarturik 'Fair Saturday' egitasmoan

uriola.eus 2015ko aza. 27a, 12:10

"Artearen eta kulturaren bitartez mundua aldatzeko egun bat". Ideia horixe dago Fair Saturday egitasmoaren oinarrian eta partaideen artean Bilboaldeko artistak, sortzaileak, kolektiboak eta gobernuz kanpoko elkarteak, besteak beste. Larunbatean, hilak 28, beste hiri askotan bezalatsu, Bilbon ere herritarren solidaritateak artearekin eta kulturarekin egingo du bat.

Finean, Fair Saturdayn bat egingo dute artistek, gobernuz kanpoko elkarteek, herritarrek, enpresek, kultura eragileek, areto eta lokalek, erakunde publikoek eta komunikabideek. Egun bakarrean, bihar, azaroak 28, Bilbon 200 bat ekitaldi antolatzea dute xede. Publiko anitza asetzeko beste.

Ekitaldi gehienak doakoak izango badira ere, gutxi batzuk ordaindu beharrekoak izango dira, eta denetan borondatea edota dohaina eman ahalko dute herritarrek. Izan ere, ikuskizun guztietan gobernuz kanpoko elkarteren bat diruz babesteko aukera eskainiko zaie herritarrei. Horrela lotzen ditu Fair Saturdayk kultura eta artea elkartasunarekin.

Esaterako, 11:00etan Piu Mosso hirukoak Indautxu plazan emango duen musika kontzertua doakoa izango da. Entzuleren batek dohaina ematea nahi badu, jakin beza, Alboan gobernuz kanpoko elkartera bideratua izango dela.

Beste adibide bat. 12:00-17:00 bitartean Itsas Museoko plazan Orekan Slackline Biziko kideek performancea eskainiko dute eta, gainera, nahi duenari soka-zinta gainean oreka mantentzen irakatsiko diote. Bada, ekimen horretako partaideek ematen dituzten dohainak Felix Baltistan fundaziora bideratuko dituzte.

Egitaraua ekintza askorekin hornituta dagoenez, onena www.fair-saturday.org/Euskadi web gunean sartu eta bertan kontsulta egitea da.

#NiFairNaiz

#IamFair

Fair Saturday - Bilbo - Egitaraua

Trio Piu Mosso 11:00etan Indautxu plazan.
Joshua Edelman eta Manhattan Bilbao Jazz-Zubia 12:00etan Guggenheim Museoan.
POP’N’KIDS 12:00etan La Ribera tabernan.
Marban 12:00etan Abandoko tren geltokian.
Octubre 19:00etan Zubiburun.
El hombre del tiempo 19:00etan Areatzako kioskoan.
Eni Music 20:00etan Areatzako kioskoan.
Orquesta Behotsik 20:00etan Itsas Museoan.
Jai amaiera #Iamfair La indieteca Dj + Santo 20:00etan La Granjan.
Jump in Jam 21:00etan ZAWPen.
Mud Candies 21:30ean Docken.
Guillermo Garmendia 21:00etan Areatzako kioskoan.
Travellin’ Brothers 22:00etan Kafe Antzokian.