Une honetan, Europak ekonomiaren esparrua gainditzen duen krisi bati egin behar dio aurre; nahitaez beste akordio bat adostu eta bilatu beharra du Europak, proiektu partekatu bat eraikitzeari bultzada emateko, une honetan bidegurutzean baitago. Krisi globala da, baita politikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona ere, eta orain, terrorismoaren mehatxua ere gehitu behar zaio. Gaur eta bihar, azaroak 30 eta abenduak 1, eredu europar berriari buruzko hausnarketaren eta analisiaren erreferente bihurtuko da Bilbo, "kontinente zaharreko" herritarren nahiei erantzuten saiatzeko asmoz.
'Blazing the trail of a new narrative for new Europe' izenburupean, Bilbao European Encounters ekimenaren bigarren edizioa egiten ari da Bizkaiko hiriburuan; eztabaidarako espazio bat da, aurrez aurre daukagun krisi globala gainditzeko konponbideak aurkitzera bideratutakoa; arriskuz betetako aroa da, baina baita aukerez betetakoa ere. Hitzordua Iberdrola Dorrean izango da gaur eta bihar, eta politologoak, legegileak, filosofoak, ekonomialariak, artistak eta zientzialariak elkartu ditu, nazioarteko testuinguruan Europa ulertzeko eta gobernatzeko modu berri bat definitzeko asmoz.
Europa birdefinitu egin behar da, eta proiektu partekatu honek beste ikuspegi berri bat behar du, elkarbizitza eraikitzeko abiapuntu gisa giza duintasuna eta demokrazia finkatuko dituena. Horren haritik, gobernantza demokratikoko Globernance Institutuak, pentsamendu politikoari dagokionez nazioarteko entitate prestigiotsuenetako batek, eta The London School of Economics and Political Science entitateak, gizarte gaietan berrikuntzako erreferente mundiala den zentroak, Bilbao European Encounters Nazioarteko Biltzarraren II. edizioa ospatzea sustatu dute, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin elkarlanean.
Aipatutako hiru erakundeek Europa berriari buruzko eztabaidan parte hartu nahi dute; hortaz, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk hitzordua abiatu du gaur goizean Iberdrola Dorrean, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriarekin batera. Nazioarteko adituen foroak Europaren etorkizunerako lau gai erabakigarri landuko ditu: Demokrazia eta justizia soziala; Oinarrizko eskubideen babesa eta immigrazioa; Aniztasuna eta kultura europarra; eta Garapen ekonomikoa eta jakintzaren gizartea.
Prestigio handiko hizlariak
Hizlarien panelean hainbat izen garrantzitsu ageri dira, pentsamendu politikoaren esparrukoak, legeak, filosofia, ekonomia edota giza eskubideen alorrekoak, besteak beste. Soziologia politikoan nazioarteko aditu ezaguna den Jonathan White (irakaslea London School of Economics zentroan) eta Daniel Innerarity Globernanceko zuzendari eta Filosofia Politikoko katedradunaren presentzia nabarmendu behar da. Horiekin batera, Europa kontinentearen erronkei buruzko ikuspegia eskainiko dute, besteak beste, Alessandro Ferrarak, Erromako Tor Vergata Unibertsitateko Filosofia Politikoko irakasleak; Ulrike Liebertek, Bremengo Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakasleak; eta Jose Luis de la Granjak, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedradunak.
Globernance, hausnarketa politiko eta sozialerako institutua
Gobernantza demokratikoko Globernance Institutua jakintzaren hedapenerako, ikerketarako eta hausnarketarako zentro bat da. Gobernantza kontzeptuaren zenbait alderdiri buruzko ikerketa jarduerak garatzea du xede, dimentsio globalean, europarrean, estatu mailan eta toki mailan, gure garaiko pentsamendu politikoa berritzeko. Institutuaren helburua elkartzeko, hitz egiteko eta jakintza trukatzeko espazio bihurtzea da. Horretarako, sarean egiten du lan ikerketa sozial eta politikoko mundu mailako erreferentziazko zentro ugarirekin. Horrez gain, gizarte berrikuntza eta gobernantza demokratikoa sustatzeko enpresa eta erakundeekin kolaboratzen du.
LSE, munduko unibertsitate kosmopolitetako bat
LSE The London School of Economics and Political Science (Londresko Ekonomia eta Zientzia Politikoko Eskola) gizarte zientzien arloan mundu mailako unibertsitate onenetako bat dela esan ohi da. Bertako hainbat irakasle gobernu ugariren aholkulari gisa ere aritzen dira, eta gizarte helburudun nazioarteko hainbat elkarteren kide dira. Irakaskuntza entitatea Londresko Unibertsitatearen parte da, eta zortzi mila ikasletik gora ditu. Ikasleen eta langile akademikoen osaera dela-eta, munduko unibertsitate kosmopolitenetako bat da.
Jonathan White eta Daniel Innerarity
Politika Europarren irakasle Jonathan Whitek soziologia politikoa eta teoria politiko aplikatuaren gaiak aztertzen ditu oro har, betiere demokrazia europar garaikideari eta Europar Batasunaren integrazioari ikuspegi berezia eskainiz. Beste gai batzuk, ostera, sakonago landu ditu, esaterako konpromiso politikoa, iritzi publikoa, herritartasun ereduak integrazio transnazionalaren baldintzetan edota lotura sozialen izaera. Bere lanak demokraziaren teoria du oinarri, teoria sozial interpretatiboa eta ikerketa metodo kualitatiboak.
Daniel Innerarity Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna eta UPV/EHUko Ikerbasqueko ikertzailea da. Jakintza gizarteen eraldaketa kultural eta politikoen arloan aditu aitortua da nazioarte mailan, baita gobernu, demokrazia eta globalizazio sistemen berrikuntzan ere. Une honetan gobernantza demokratikoko Globernance Institutuko zuzendaria da, eta irakasle bisitaria da The London School of Economics and Political Science ikastegian. Hainbat obra argitaratu ditu, besteak beste, La transformación de la política (Miguel de Unamuno Saiakera Saria eta Literatura Sari Nazionala, saiakera kategorian, 2003. urtean), La sociedad invisible (Espasa saria, 2004), El nuevo espacio público eta El futuro y sus enemigos. Liburu guztiak hizkuntza askotara itzuli dira.