'Zinema deszentralizatua. Guztiok ez dugu 9 abizen katalan izan nahi’ jardunaldiak Bilbon

Ane Fernandez 2015ko abe. 1a, 11:40

Eskualdean inoiz egin den euskal ekoizle kopuru handiena biltzea espero dute gaur Bilboko Dock espazioan (Uribitarte ibilbidea 3). Euskal Produktoreen elkarteak antolatuta, ‘Zinema deszentralizatua. Guztiok ez dugu 9 abizen katalan izan nahi’ jardunaldiak sentsibilitate ezberdinak bildu nahi ditu, interes ekonomiko eta korporazio handietatik kanpo ekoizten jarraitu ahal izateko.

Horretarako, finantziazioaren hainbat alor jorratuko dituzte, bai publikoa, baita pribatua ere. Horretaz gain, ikus-entzunezkoen gaineko araudi ezberdinen analisia egingo dute, gaur egungo panoraman hobetu daitezkeen aspektuei irtenbideak bilatze asmoz.

Egitarauari dagokionez, finantziazioaren alorra jorratuko duten elkarteek gidatuta, hiru mahai-inguru izango dira goizean zehar. Eztabaida hauetatik eratortzen diren ondorioak dokumentu batean bilduko dira, eta hori izango da ondoren instituzio eta erakunde ezberdinekin lan egiteko bide-orria zehaztuko duena.

 

Egilea: Ane Fernandez

Albistea zinea.eu-tik hartua