"Eskerrak Udalari gurekin akordatzeagatik", bota du Patxo Telleriak Udaletxeko Arabiar Aretoan paratutako pantaila batetik. Izan ere, Telleriak ezin izan du gaurko ekitaldian parte hartu Donostian Igelak pelikula filmatzen ari baita egunotan. "Eskerrak Bilboko euskaldunberri guztiekin akordatzeagatik", erantsi du.
Aretoan Mikel Martinezek hartu du hitza, "urduri", euskaldunberrien ahalegin "izugarria" eskertzeko. "Halabeharrez, militanteak dira. Militante edo hizkuntzarekiko maitaleak", esan du.
Euskara ikasi ez ezik euskara zabaltzen dute euskaldunberriek, eta hori egin zuten duela urte asko Mikel eta Patxok ere. "Ikasle eta militante izan ginen eta bidea egiten jarraitu genuen", oroitu du Mikelek. Bide horretan antzerkian hasi ziren, eta "gustatu zitzaigun istorioak kontatzea, gauza politak kontatzea, euskaldunak harro sentitzeko euskaldun izateaz". Eta horrela hamaikatxo antzezlan eta ikuskizun sortu eta interpretatzeraino.
Besteak beste, Ez Dok Hiru antzerki konpainiarekin, bost bat lan euskara oinarri dutenak eta euskaldunberriak protagonista. Kontenedore baten istorioak, Poema multiple con avestruz, Euskara sencilloaren manifiestoa, Larru Haizetara, Euskarazetamol eta Lingua Nabajorum.
Helburua beti da bera, Mikelen esanetan, "euskararekin gozatzea eta barre egitea".
Lotsatzen ez den euskaldunberria
"Ikasi, erabili eta garrantzitsuena, batik bat, euskara maitatzea" dela aitortu du gaurko ekitaldian Juan Maria Aburto Bilboko alkateak. "Euskaldunberria naiz eta ez naiz losatzen", esan du Arabiar Aretoan zeuden udaleko ordezkari eta gonbidatuen aurrean.
Euskararen ezagutzan "aurrerapauso handiak" eman dira Aburtoren iritziz, eta gaztaroan edota helduaroan euskara ikasi duten herritarren ekarpena txalotu du: "Aparteko ekarpena egin diote euskarari eta euskal kulturari. Euskararen unibertsoa zabaldu duzuen guztioi eskerrik asko, zuek guztiok merezi duzue omenaldia".
Errepasoa eman dio Aburtok euskararen azken urteotako bideari. Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Oskorri taldea eta Aitor Mazo gogoratu ditu, nork bere esparruan egindako lana aipatuz eta goratuz, eta teknologia berriei esker, Interneten euskarak duen presentzia azpimarratu du. Wikipedian, esaterako, beste hizkuntza batzuei "sekulakoa aldea" ateratzen diela nabarmendu du.
Euskararen erronken artean Bilbo hiriaren garrantzia estrategikoa partekatu du alkateak. "Euskararen oraina eta geroa hemen jokatuko da. Landa eremua eta hiri eremua batzen dituen euskal hiria deritzon errealitate misto berri horren muinean. Euskaldunberrien ahalegin eta indarrari esker, hein handi batean".