Bizkaiko Gurutze Gorriak, datozen Gabonetara zuzenduta jostailu berriak biltzeko 'Jostailu asko dago, laguntzeko modu bat: Jarri forman zure Elkartasuna' kanpaina abiatu du. Kultura munduko aurpegi ezagunen, Daniel Garcia sukaldaria edo Kepa Junkera musikaria, laguntza duen ekimen horren helburua, 5.000 jostailu biltzea, jolastea umeen funtsezko eskubide gisa aitortzea, eta txikienengan eragiten dituen onurak ezagutaraztea da. Estatu mailan, helburua, 0 eta 17 urte arteko 60.000 ume eta nerabe baino gehiagorentzat 120.000 jostailu baino gehiago biltzea da.
Jasotzen diren jostailuak, euren egoera ekonomikoa dela eta, seme-alabei datozen Gabonetan oparirik erosi ezin dieten familiei emango zaizkie. Saltokietako bezeroek egindako ekarpenak jaso eta jostailuak aukeratu eta adinen arabera antolatu zituzten Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioen esku-hartzeei esker, joan den edizioan Bizkaiko 1.000 familia inguruko 988 umek jostailu berriak, ez sexistak eta ez belikoak jaso zituzten.
Laguntzak, biltzeko puntuak eta egunak
Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, bat egin du kanpaina honekin. Izan ere, biltzeko puntuetako bat Erriberako Merkatua izango da. Datozen abenduaren 5ean, 12an eta 19an, Erriberako Merkatuak lekua utziko du bere instalazioetan, tailerrak egiteko eta jostailuak biltzeko edukiontzi bi jartzeko, goizeko 11:00etatik 14:00etara.
Athletic Club taldeak bat egingo du kanpainarekin, eta abenduaren 21ean jokatuko den Bilbao AC-Lugo partidurako 12.000 sarrera banatuko ditu. Horrela, emandako jostailu bakoitzarengatik, partidu horretarako sarrera bikoitz bat oparituko du. Athletic Club taldearen denda ofizialek jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatuko dute partidua jokatzen den egunera arte. Abenduaren 21ean bertan, interesatuta dauden pertsonek kanpainarako jostailuak entregatu ahal izango dituzte San Mameseko instalazioetan.
Megaparkeko Toysrus izango da jostailuak biltzeko beste puntuetako bat, abenduaren 11-12ko eta 18-19ko asteburuetan. Horrez gain, leku hauetan ere utzi ahal izango dira: Corte Inglésen abenduaren 11n eta 12an, Juguettos dendetan, Ikea dendan, Bilboko Jose María Olabarri kaleko 6an dagoen Bizkaiko Gurutze Gorriaren Boluntarioen Bulegoan eta Portugaleteko, Durangoko, Getxoko, Zallako, Igorreko eta Basauriko Gurutze Gorriaren egoitzetan.
Jostailuak biltzeko puntu guztiak www.cruzrojabizkaia.org helbidean kontsultatu daitezke, eta gehienetan Erakundearen oinarri nagusia diren boluntarioek arreta eskainiko dute. Jostailuak biltzeko kanpainan jostailu berriak, ez belikoak, ez sexistak eta, ahal izanez gero, hezkuntzari lagunduko diotenak baino ezin izango dira eman, txikienen artean ikasketa eta bizikidetza sustatuko duten hezkuntza printzipioak eta balioak sustatzeko.
Jasoko den jostailua berria izango da, izan ere, jostailuen segurtasunari buruzko araudi europarrak produktuaren kalitatea bermatu ahal izatea eskatzen baitu, eta hori ezin daitekeelako bermatu jada erabilita dauden jostailuen kasuan. Beste alde batetik, Gurutze Gorriaren ustez, ume guztiek jostailu berria merezi dute, bereizketa barik, duintasun eta desio berberekin.
Aurten, Gurutze Gorriak webgune propioa izango du, eta bertan adin bakoitzerako jostailu egokienei buruzko informazio guztia eta kontseiluak aurkitu ahal izango dira: www.eljugueteeducativo.com
Ekimen hori gauzatzeko ezinbestekoa da jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatzen duten, euren langileen artean bulegoetan jostailuak jasotzen dituzten, edo jostailuak ematen dituzten erakunde askoren laguntza eta partaidetza. Erakunde laguntzaileak hauek dira: Bilboko Udala, Athletic Cub, Corte Inglés, Toys’rus, Correos, Ikea, Juguettos dendak, Decathlon, Erriberako merkatua, El Almacén jostailu-denda, Aurki Din Don jostailu-denda, Banco Santander, Cespa, Telefónica, Ricoh, Elhuyar, Seat, Noray Bioinformatics, Campos Elíseos Antzokia eta Uribe FM.