Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Baliabide Eszenikoen Zentroak, Blanco Roto konpainiarekin batera, bigarren urtez jarraian –lehen urtean harrera bikaina izan baitzuen–, Arte Eszenikoetako profesionalei zuzenduta egongo den interpretazio tailerra eskainiko du. “La palabra” izenburua eramango duen tailerra urtarrilaren hasieratik maiatzera luzatuko da, eta Mama Espacio Creativon eta Harrobian eskainiko dute Roberto Romei pedagogo eta eszena zuzendariak, Gemma Sangerman, antzezle eta pedagogoak, eta Laia Ricart, antzezle eta acting coach-ak.
“La palabra” datorren urtarrilaren 8an abiatuko da. Tailerra osatzen duen sei moduluetako bakoitzak 14 orduko iraupena izango du, eta ostiraletik igandera eskainiko da (lau ordu ostiralean –16:00etatik 20:00etara–; sei larunbatean –10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara–, eta lau igandean –10:00etatik 14:00etara–). Horrela, hilabete bakoitzeko asteburu batean, uztaileko lehenengo asteburura arte. Denbora horretan, hiru irakasleak helburu komun batekin arituko dira lanean: adierazpenerako duen gaitasuna itzultzea hitzari. Interesatuta dauden pertsonek euren matrikula egin dezakete jada bilbaoeszena@ayto.bilbao.net helbidearen bitartez.
Tailer intentsibo hori, prestakuntza testuala hobetzeko aurretik emandako ikastaroetan irakasleek hautemandako beharraren aurrean sortu da. Egitasmo pedagogikoaren helburua antzezlea auto-sufizientea izatea eta antzerkiko edozein testurekin lan egin ahal izatea da. Hitzak eguneroko adierazpen baliabide organikoa dira, eta komunikatzeko beharretik sortzen dira, ez dute inolako esfortzurik eskatzen. Antzerkiaren testuinguruan dagoen hitza behar beretik sortzen da. Ez da deklamatutako edo errezitatutako hitza.
Gemma Sangerman izango da prestakuntza zabalduko duena, urtarrilaren 8an, Mama Espacio Creativon (Ollerietabarrena kalea, 10). Bartzelonako Unibertsitatean Filologia katalanean eta Bartzelonako Antzerki Institutuan Arte Dramatikoan lizentziatuta dagoen irakaslearen helburua, hitza eta hizkuntza gorputzaren parte direla ulertaraztea izango da, eta antzezleen hitzak norberaren barruan dagoena erakusteko beharra betetzen duela. Antzezleari laguntza emango dio testuko hitzez baliatzeko eta hitzak adierazpenerako dituen aukera mugagabeak garatzeko.
Otsailean, (5, 6 eta 7an), Roberto Romeiren txanda izango da, mugimenduaren eta hitzaren arteko erlazioa lantzeko, esanahi teknikoan zein adierazkorrean, hitza mugimenduarekin lotuko duten ariketen bitartez. Romei, pedagogo, eszena zuzendari eta entrenamendu fisiko, antzezpen, antzezleen zuzendaritza eta eszenifikazio irakasle da.
Martxoan (5, 6 eta 7an), Laia Ricart arituko da. Bertan, laguntza emango dio antzezleari, hitza-espazioa eta hitza-ekintza harremana lantzeko. Testuarekin egiten den bakarkako lana eszenara zelan eraman landuko da. 2012tik Blanco Roto konpainiaren kide-sortzailea da, Oskar Garcíarekin batera.
Hurrengo saioak Harrobia Eskenan – Ekoizpen Eszenikoko Berrikuntza Zentroan, izango dira, apirileko lehen eta azken asteburuan, eta azken saioa maiatzeko lehen asteburuan. Sei asteburu iraungo dituen ikastaro osoak 300 euroko prezioa du, baina badago modulu bakarrean edo batzuetan matrikulatzeko aukera. Modulu bakoitzaren prezioa 60 eurokoa da.