Bilboko taxilariek ibilgailu elektroniko bat frogatuko dute zerbitzua emateko erabil daitekeen ikusteko

uriola.eus 2015ko abe. 3a, 08:00

Bilboko taxilariek ibilgailu elektrikoa dute abenduaren 1etik, Bilboko Irrati Taxiari ordezko taxi moduan froga dezaten zerbitzua eman ahala. Aurrenekoz erabiliko da EAEn ibilgailu elektrikoa taxi moduan, beraz, ekimen aitzindari baten aurrean gaude. 

Bilboko Udaleko Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak bultzatu dute ekimen hau garraiobide jasangarrien erabilera sustatzeko. Nissan-Lejarza etxeak lau hilabeterako utzi dio Bilboko Irrati Taxiari Leaf modeloko ibilgailu elektriko bat, ibilgailua taximetro moduan erabil daitekeen egiaztatzeko, benetako zerbitzua eman ahala.

Astearte goizean, abenduak 1, egin zuten ibilgailua lagatzeko ekitaldia eta bertan izan ziren  Alfonso Gil Bilboko Udaleko Alkateorde eta Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko arduraduna, Javier Marques EVEren zuzendari teknikoa, Jose Maria Ordorika Nissan-Lejarzako kudeatzailea eta Borja Musons, Bilboko Irrati Taxiko presidentea.

Bateria azkar betetzeko puntu berria Bilbon

Aipatutako ekitaldian Alfonso Gilek ibilgailu elektrikoaren erabileraren alde egin zuen berba: "garraioaren eraginkortasun energetikoa hobetuko du eta, aldi berean, negoziorako aukera berriak eskainiko dizkie Euskal Herriko automozioaren, ekipamendu elektrikoaren eta elektronikaren sektoreei”. Bere iritziz, garrantzizkoa da zirkulazioan diren ibilgailu elektrikoen masa kritikoa sortzea; horretarako, ezinbestekoa da horrelako ibilgailuen bateriak kargatzeko puntu berriak edukitzea. Ildo horretan, 2016ko hasierarako bateria 20 bat minututan betetzeko puntua jarriko dela adierazi zuen. Puntu berri hori Begoñako taxi-geralekuaren alboan ipiniko da. Bizkaiko bigarrena izango da; bestea, BECen (Bilbao Exhibition Center) alboko gasolindegiaren aldamenean dago. 

Azkar kargatzeko puntuez gain, Bilbon badira karga normalerako 16 puntu. Leku horietan bateria 16 bat ordutan bete daiteke. Leku hauetan daude puntu horiek: Alondegiko aparkalekuetan (6), Zabalburun (3), Zabalgunean (3) eta Miguel de Unamuno BHIren ondoan (4).

Bateria beterik duela ehun kilometroko bidea egin dezake ibilgailu elektrikoak. Ibilgailuaren prezioa 25.000-30.000 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzaren (EVE) eta Espainiako Gobernuaren diru-laguntza dute. Egindako inbertsioaren arabera, laguntzak 12.000 eurorainokoak izan daitezke. Euskadi eta Andaluzia dira honelako ibilgailuentzako diru-laguntzarik handienak eskaintzen dituzten autonomia erkidegoak.