Lauaxeta saria Jon Gerediaga, Beatriz Chivite, Joseba Gorordo eta euskararen aldeko apustua egin zuten gurasoentzat

uriola.eus 2015ko abe. 3a, 09:57

Ohorezko Lauaxeta saria Bizkaian euskarazko irakaskuntzaren aldeko apustua egin zuten guraso aitzindarientzat izan da. Poesiaren atalean, sarituak Jon Gerediaga Goitia deustuarra eta Beatriz Chivite Ezkieta burlatarrra izan dira. Ikus-entzunezkoen saria, berriz, Joseba Gorordo bilbotarrarentzat izan da.

Bizkaiko Aldundiak "euskara sustatu, zabaldu eta normaltzeko egin zuten ekarpen handiagatik" saritu ditu Lauaxeta 2015 ohorezko sariarekin Bizkaian euskararen irakaskuntzaren aldeko apustua egin zuten guraso aitzindariak, eta beraien izenean Joseba Arrieta Txertudi eta Josu Meabe Mintegiri eta, hil ondoko sari gisa, Sabin Zubiri eta Josune Zearra senar-emazteei, kasu honetan bere semeak Bingen Zubirik jaso du saria.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak adierazi duenez, "Lauaxetaren jarraitzaile izan nahi dogunok, euskararekiko konpromisoa areagotu behar dogu. Gure burua jantziz eta prestatuz. Euskal gizartearen eraikuntzan lan eginez. Konplejurik barik. Benetako euskalgintzari dagokion konpromisoa geure gain hartuz".

Lorea Bilbao, Euskara eta kultura diputatuak eginiko agerraldian euskararen ezaugarri nagusiak azpimarratu ditu, "txikia izanik, eta handiz inguratuta, mendez mende iraun egin dauala. Txikia izanik hegoak ireki egin dituela eta garaian garaira egokitu gizartearen aldakuntza handienei erantzunez. Eta hori guztia, Lauaxetak berak esandako legez herritarrak eta herri erakundeak zaindu egin dabelako da".

Poesiaren alorrean, 35 urtetik gorakoen Lauaxeta Saria Jon Gerediaga Goitia deustuarrak jaso du, Argia, lurra, zuhaitza eta zerua lanagatik, eta 35 urtetik beherakoen atalean, Beatriz Chivite Ezkieta eta haren Metro lana saritu dituzte. Beatriz Chivite ezin izan da sari banaketan egon eta bere izenean bere amak jaso du saria, Isabel Ezkietak.

Ikus-entzunezkoen 2015eko Lauaxeta Sariari dagokionez, Joseba Gorordo zuzendari bilbotarrarentzat izan da, Sabino Aranaren begiak izeneko dokumentalagatik, memoria historikoari buruzkoa.

Sari hauen bitartez, euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normaltzeko ahalegin berezia egin duten pertsonak, kolektiboak eta erakundeak publikoki aintzatesten dira. Esteban Urkiaga Lauaxeta idazlearen izena daukate, haren figura unibertsala aldarrikatzeko asmoz.

Argia, lurra, zuhaitza eta zerua, Jon Gerediagarena

Epaimahaiak azpimarratu duenez, "egileak heldutasuna lortu du eta irakurleari hiriaren begirada oso zehatza eskaintzen dio. Biak, poeta eta irakurlea, aro, gizarte, lur eta zeru berekoak dira".

Metro, Beatriz Chiviterena

Idazleak Londresko metroaren irudiak sortu ditu, "modu argi eta dotorean, eta errealismo osoz", Ekialdeko estetikan oinarrituta. Zenbait pertsonaiaren bizitzaren binetek eratutako mosaikoa da Chiviterena.

Sabino Aranaren begiak, Joseba Gorordorena

Dokumentalak, pertsonaien dimentsio historikoa kontatzeaz gain, hezur eta haragizko pertsona aurkezten dio ikusleari, "estereotipo guztietatik aldenduta". Horrela, Gorordok "oreka lortu du narrazioaren eta dibulgazioaren artean, obrako pertsonaiaren irudi berriak, gaur arte inoiz ikusi gabekoak, erakutsiz", epaimahaiaremn hitzetan.