Euskararen Eguna

Euskara Bilboko plazan

uriola.eus 2015ko abe. 3a, 14:53

Gaur, abenduak 3, Euskararen Egunean, euskarak inoiz baino presentzia handiagoa du Bilbon. Erakunde eta herritarrek hainbat ekimen antolatu dituzte euskara erabiltzeko eta sustatzeko, ez dadin gaurko nazioarteko egunera mugatu, egunerokora zabal dadin.

Guggenheim Museoaren atzealdea ikaslez lepo bete da. Bilboko 11 ikastetxetako ikasleek eta irakasleek, iaz bezala aurten ere, Euskararen Eguna bertan ospatzea erabaki dute. Horma artean baino aire librean elkartu dira adinkide diren Bilboko gazteak. Eta eserita baino mugimenduan jardun dira, bertsoka, kantuka eta dantzaka. Eta noski, euskaraz.

Bilboko beste bazter batean, hauek ere itsasadarretik gertu, elkartu dira beste ikastetxe batzutako ikasleak 'Zubirik zubi' ekimenean. Hain zuzen ere, Alde Zaharreko zubiak bete dituzte. San Antongo Zubia, Mesedeetako Zubia, Arenaleko Zubia eta Udaletxeko Zubiak euskaraz bete dituzte. "Denok batera gure bizipen eta desioak kaleratu, airera bota eta ibaitik itsasora bidali ditugu", adierazi dute partaideek. Ondoren, bertsoka eta dantzaka Arriaga plazan bildu dira, "elkar arteko indarrak metatuz topa egiteko".

Arratsaldean ugarituko dira Bilboko auzoetan Euskararen Eguneko ekimenak. Aukera zabala da.

 

Abenduak 3 - Egitaraua

17:00-19:00 Euskara Gunea, Trauko kaleko oinezkoen gunean.

17:30ean 'Zergatik ez' tailerra Deustuko Gazte Lokalean.

19:00etan Jule Goikoetxea idazlearekin topaketa foru liburutegian.

19:00etatik aurrera '%100 euskaldun jaia' Hika Ateneoan.

19:30ean Rafa Ruedaren kontzertua eta eurokaña Otxarkoagako Mahatserri elkartean.

19:30ean bertso saioa Deustuko Udaltegian Igor Elortza, Arkaitz Estiballes, Fredi Paia eta Oihana Bartrarekin. Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea.

19:30ean 'Kantaginjazz' emanaldia eskainiko dute Iñaki Salvador eta Ainara Ortegak Bidebarrietako liburutegian.

20:00etan Bilbo Kantari Txakur kaleko Kalderapeko tabernatik hasita.

20:00etan Josu Bergara kantariaren kontzertua Uribarri Elkartean.

20:00etan Gazte-kantu-jira Zazpikaletan zehar.

20:30ean Bertso-trikiti-poteoa Deustuko Gazte Lokaletik hasita.

uriola.eus/bereziak/euskararen-eguna

#euskarak365egun