San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalan dagoen energia erakutsi eta partekatzea du xede Gau Irekia izeneko ekimenak. Izan ere, gizarteko eta kulturako eragile eta norbanako anitzek osatzen dituzte hiru auzoak.
Hortaz helburu hirukoitza du Gau Irekiak: pertsonak eta espazioak ezagutzera ematea; topagune berriak sortzea; eta bizitza, lantokia eta ametsak partekatzen dituzten lagun desberdinen arteko harremanen sarea indartzea. Finean, hiritarrak eta elkarteak "jai handi batean" elkartzea.
Jardunaldi irekia eta parte-hartzailea izango da, 'normaltzat' jotzen denaren "alternatiba". Antolatzaileen esanetan, "pertsona desberdinek elkarrekin sortu duten espazioa" da Gau Irekia. Aurtengo urbanBAT jardunaldien baitan erabaki zen 'Alterotopiak' izango zuela gai nagusitzat.
Larunbaterako era askotako jarduerak antolatu dituzte: artea, performancea, musika, antzerkia, familiarteko ekintzak, erakusketak, tailerrak, proiekzioak... eskaintza anitza eta ugaria izango da "goxo luzatuko den gauerako", antolatzaileen esanetan.
Jarduera batzuk jolasa, sormena eta sentsibilizazioa izango dute oinarri. Beste batzuk kultura eta belaunaldi ezberdinen arteko bilkura izango dira, "genero arteko berdintasuna eguneroko bizimoduan zeharkako praktika gisa lehenesteko". Beste batzuk ingurunea ezagutzeko, aitortzeko eta bere zaintzan parte hartzeko beharrizanaren inguruan hausnartuko dute; beste batzuk auzoaren identitatea eta kultura eraikitzeko era desberdinen inguruan; edota auzoko artisten lana sustatzeko eta bitartekoak eta ideiak partekatzeko euren arteko harremanak errazteko aukeren inguruan.
Egitarau osoa: www.sarean.info
es-es.facebook.com/GauIrekiaNocheAbierta
twitter.com/GauIrekia
instagram.com/gauirekia