Rene Cassin saria jasoko dute Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformako euskal biktimek

uriola.eus 2015ko abe. 10a, 09:31

Plataformako kideak Durangoko Azokan

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da gaur, eta data horrekin bat eginez emango dio saria Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak plataformari gaur eguerdian.

Lakuako Gobernuko Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforman elkartuta kereilak aurkeztu dituzten euskal biktimei emango die giza eskubideen 2015eko Rene Cassin saria.

Epaimahaiak kolektibo horrek egindako lana saritzea erabaki du. Plataforma horrek justizia unibertsalaren defentsaren esparruan gauzatzen du bere jarduna eta sariak plataformak egiaren eta justiziaren bilaketan egiten duen lan indibidual eta kolektiboa sustatzeko balioko du.

Horrekin batera, plataformaren inguruan antolatutako euskal biktima kereilari guztiei aitorpen morala egitea du helburu sariak.

Frankismoko krimenen aurka Argentinan duela bost urte eta erdi abiatutako kereilaren partaide da euskal plataforma; Maria Servini epailearen aurrean deklaratu izan dute hainbat biktimak.

Rene Cassin saria Lakuako Gobernuak sortu zuen, beren jardunaren bitartez euskal gizartean giza eskubideen balioak nabarmen sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko nahiz juridikoen lana publikoki aitortzeko.

 

Albistea www.berria.eus-etik eta www.naiz.eus-etik jasoa.