Unibertsitateko 55 ikasle Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen hogei pisutan daude, 'Bilboko Udal Etxebizitzak gazte solidarioentzat' izeneko programaren baitan. Programa hori EHUko eta Deustuko Unibertsitateko graduondoko ikastaroetan matrikulatuta dauden ikasleentzat da eta udal etxebizitzak eskaintzen ditu, alokairu partekatuan. Pertsona bakoitzak 55 euroko prezio sinbolikoa ordaintzen du (argia eta uraren gastuak sartu barik). Trukean, ikasleek Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetako proiektu komunitarioetan eta talde ahulen laguntzako proiektuetan laguntzen dute. Izan ere, bertan daude hogei etxebizitzak. 2015/2016 ikasturtean, EHUko 45 ikaslek eta Deustuko Unibertsitateko 10 ikaslek hartu zuten parte ekimen honetan.
"Etxebizitza duin eta merkea ez da batere erraza unibertsitateko ikasleentzat, inon ere; Bilbon ere ez. Udal Etxebizitzak erakundeak Otxarkoaga eta Bilbo Zaharreko eguneroko bizitzan konprometitzearen truke eskaintzen dizkie, herritarren arteko bizikidetzaren ohiturak eta balioak zabaltzeko, gizartekoak eta ekojasangarriak direnak" azaldu du Goyo Zurro Etxebizitza zinegotziak eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak 'Gazte solidarioak' programaren edizio honetako aurkezpenean. Ekitaldi hori gaur goizean egin da Mariaren Bihotza plazako Udaltegian eta bertan izan dira Eider Bilbao, Udal Etxebizitzak erakundearen zuzendaria; Carmelo Garitaonaindia, EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Alvaro de la Rica Aspiunza, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako errektoreordea eta Idazkari Nagusia. Edizio honetako zehaztasunak azaldu ondoren, programarako egokitu den pisu bat bisitatu da, bertan dauden ikasleetako batzuekin.
26 urte batez beste
'Gazte solidarioak' esperientziaren seigarren urtea da aurten, eta bere helburua da herritarren partaidetzaren kultura bultzatzea, laguntzarako sareak sortzea eta proiektu komunitarioak eta auzoko proiektua garatzea, auzoetako bizi-kalitatea hobetzen eta gizarte-bazterkeriaren arriskua murrizten lagunduko baitute.
Programa honetan parte hartzen duten ikasleek 26 urte dauzkate, batez beste. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko proportzioa orekatua da (% 51 gizonezko eta % 49 emakumezko); % 70ak nazionalitate espainiarra daukate eta gainerako % 30ak beste herrialde batzuetatik dator. Ikasketei dagokienez, % 53k zuzenbideko edo gizarte zientzietako ikasketak dauzkate; % 19ak ingeniaritzetako edo arkitekturako ikasketak; % 14ak enpresa-zientzietako ikasketak; % 12ak zientzietako ikasketak eta gainerako % 2ak, arte ederretako ikasketak.
Ikasleentzako pisuek sukalde osoa eta altzariak dauzkate. Maizterrek banakako logela daukate, hilean 55 euro ordaintzen dituzte, bai eta uraren eta argiaren gastu proportzionalak ere