Bilbon Bizi zerbitzuak bizikleta gorriak estreinatuko ditu

uriola.eus 2015ko abe. 15a, 12:00

Udalak gaur goizean aurkeztu ditu Bilbon Bizi Bizikleten Mailegu Automatikoaren Zerbitzuan sartuko diren bizikleta berriak. Guztira 105 ibilgailu dira eta, hortaz, flotak 254 bizikleta izango ditu.

Aurkeztu diren modeloak gorriak dira, hori izango baita aurrerantzean Bilbon Bizi mailegu zerbitzuaren ibilgailuen kolore berria. Erabiltzen diren bizikleta guztiak homogeneizatzeko, gaur egun erabiltzen diren 149 bizikleta urdinak apurka-apurka kenduko dira eta kolore berriarekin pintatuko dira.

Bilbon Bizi zerbitzuaren flota berria San Agustin eraikinaren zabalgunean aurkeztu dira, Udaletxearen ondoan, eta bertan izan dira Alfonso Gil alkateordea eta Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko arduraduna.

Mailegurako leku berriak Epalza kalean eta Trenbideko etorbidean

Gaur goizeko ekitaldian, Alfonso Gil jaunak bizikleten maileguarekin lotutako beste zehaztasun batzuk azaldu ditu. Adibidez, bizikletak hartzeko eta uzteko beste leku bi izango direla laster, orain dauden 27 puntuen sarearekin bat egingo dutenak, hain zuzen ere Epalza kalean eta Trenbideko etorbidean. Puntu horiek instalatzeko 80.000 euro inbertituko dira (BEZa barne).

Beste berritasun bat Campo Volantin pasealekuko puntuari dagokio, Udaletxearen ondoko San Agustin eraikinera eramango baita.

773 mailegu egunero

Azaroaren 30era arte, Bilbon Bizi zerbitzuak 250.498 mailegu erregistratu zituen, hau da, 773 mailegu egunero, batez beste. 2011ko otsailean zerbitzua abian jarri zenetik, 1.163.510 mailegu egin dira.

Zerbitzu hau erabiltzen duten pertsonen % 91 Bilbon erroldatuta dago; % 7,5 Bizkaikoak dira eta % 1,5 beste herri batzuetakoak. 30 eta 44 urte bitartekoak dira zerbitzu hau gehien erabiltzen dutenak eta gizonezkoek bikoiztu egiten dute emakumezkoen kopurua udal bizikleten mailegu zerbitzuan. Datu bitxia da zerbitzuan izena eman duen pertsonarik zaharrenak 90 urte dituela.

Erabilera gehien daukaten tarteak 12:00ak eta 16:00ak bitartekoa eta 17:00ak eta 21:00ak bitartekoa dira. Beste datu bitxi bat da 141 zenbakia daukan bizikleta dela flotan gehien erabiltzen dena eta guztira 7.054 aldiz erabili da. Gehien erabiltzen den puntua Arriaga plazakoa da. Mailegu automatikoaren zerbitzua urte osoan dago erabilgarri, Aste Nagusian izan ezik.

Bilbon Bizi aplikazioa

Aurtengo irailetik, Bilbon Bizi zerbitzuak doan deskargatzeko aplikazioa dauka, App Bilbon Bizi (Google Play eta App Storean dago). Aplikazio honen bidez, erabiltzaileek puntu bakoitzean erabilgarri dauden bizikletak eta euskarriak zenbat diren ikus ditzakete, bai eta zerbitzuaren gorabeherekin lotutako beste informazio batzuk ere. Gainera, estazioen mapa bat, kilometro‑kontagailua, CO2 isurpenen adierazlea eta telefono interesgarrien zerrenda bat dauzka.