Gorka Etxebarria Dueñas historialari gazteak osatu du idazlana 2013an GITE-IPESen Julio Araluze beka irabazita. Historia luze bat kapitulu laburretan kontatzen digu, narratiba freskoaz, ikuspegi zurrunetatik ihesi eta euskaraz, esparru honetan ohikoa ez denez. Era berean, Iñaki Rifaterra Santamaria marrazkilari gazteak, irudietara ekarri du Etxebarriaren idazlana, xilografia teknika erabiliz, hain zuzen ere sozialismoaren idealaren zabalpenean berrikuntza ekarri zuen teknikarekin. Guztiarekin, lengoaia anitzeko liburua osatu dute, apalaregietan hautsa hartzeko baino nondik gatozen eta norantz goazen hausnartzeko tresna izan nahi duen liburua.
Liburuaren balio pedagogikoaz oharturik, Bizkaiko Batxilergo ikastetxe guztietara bidaliko dute datozen egunetan Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta. Ekimenak erantzun positiboa izanez gero, gainontzeko herrialdeetara ere hedatuko dute ekimen hau.
Momentuz dena den, liburua osatu, aurkeztu eta zabaltzeko unean daude eta datozen asteotan emango diote forma 2016an izango duen ibilbideari.
Sozialismoaren historia labur bat liburua Bilboko Herri Dendan (abenduaren 14tik urtarrilaren 5era, 11:00-15:00 / 16:00-20:00, Zirika! Herri Gunea, Erronda K. 12) eskura daiteke.