Antzerkia elkarrekin goza dezakete umeek eta nagusiek. Gainera, antzokia, emozioak eta gogoetak, zalantzak eta egiaztapenak, konpartitzeko topalekua izan behar da. Bi esaldi horiek dira, hain zuzen ere, Amour antzezlanak, Tartean Teatroaren Marie de Jongh konpainiak eta Arriaga Antzokiak sortu duten antzezlan berriak bilatzen dituen bi helburuak. Ekoizpenak Basauri Sozial antzokiaren partaidetza eta Victoria Eugenia Antzokiaren laguntza izan ditu.
Amour lanaren erabateko estreinaldia Arriaga Antzokian izango da datorren asteazkenean, abenduaren 23an, arratsaldeko 20:00etan. Gainera, beste bi emanaldi eskainiko dira larunbatean, abenduaren 26an, arratsaldeko 18:00etan eta 20:00etan. Eta, amaitzeko, beste bi igandean, 27an, bat goizez, 12:00etan, eta bestea arratsaldez, 18:00etan. Beraz, ikus-entzuleek bost emanaldiz gozatu ahal izango dute.
Jokin Oregi da Amour lanaren egilea eta zuzendaria. Familia osoari zuzenduta eta 7 urtetik gorako umeentzat gomendatuta dagoen antzezlana da. Amour antzezpena ikustera joatea Gabonetarako plan ezin hobea izan daiteke ikus-entzule guztientzat, umeentzako helduen antzerkia eta helduentzako umeen antzerkia baita. Horrela, elkarrekin oso une atsegina igarotzea bermatzen du.
Antzezlan horren formatua oso berezia da, testurik gabeko ikuskizuna baita. Hori dela eta, ideiak eta sentimenduak keinuen bitartez transmititzen dira. Horrela, Javier Renobales, Ana I. Martinez, Ana Meabe, Pablo Ibarluzea eta Anduriña Zurutuza antzezleek lan ezin ederragoak egiten dituzte, ñabardurez beteak eta oso aberatsak adierazpenaren aldetik. Ikus-entzuleak hunkitzeko eta animo egoera batetik bestera eramateko orduan funtsezko beste elementu bat musika da, Pascal Gaigne handiak ikuskizun honetarako beren beregi egindakoa. Halaber, azpimarragarria da, baita ere, Elisa Sanzek zuzendaritza artistikoan eta eszenografian egiten duen lana.
"Maitasunak beti ematen digu aukera bat"
Ume batzuk jolasean ari dira dena hastear dagoen herrialdean. Mundua deskubritzen dabiltza, beren unibertsoa itxuraldatuz. Nagusiak imitatzen dituzte, ausart eta ozar. Maitatzeko gai direla sinistuta daude, maitasunaren sakonera arrotza zaien arren. Ez dute etsaitzeko erreparorik euren patriketan "gorroto" hitza oraindik topatuta ez badute ere. Badute usainen berri, badakite azala zer den, fereka, abandonua, aterpea, desioa. Denbora oraina da. Eta bat-batean, hirurogetik gora urte igaro dira.
Orain, zaharturik, hitz mordoa ateratzen dituzte patriketatik, eta hosto lehorren gisan amiltzen zaizkie. Badute usainen berri, badakite azala zer den, fereka, abandonua, aterpea, desioa. Eta paradoxa: ezin etsaia lagun bihurtu maitasunaren egiazko esanahiaz aspaldi jabetu ziren arren. Badakite denbora iragana dela. Ez dakite, ordea, maitasunak beti ematen digula aukera bat.
Marie de Jongh konpainiari buruz
2008an sortua, Marie de Jongh familia osoari zuzendutako antzerkigintzaren baitan sendotzen ari den erreferente bihurtu da. Konpainiak keinu bidezko ikuskizunak sortzen ditu, eta kontaera delikatu, umoretsu eta hunkigarriek, berezko zigilua eman diote taldeari. Nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu dute dagoeneko eta arrakasta handia lortu, sari ugari eskuratuz eta sasoi onean dagoen antzerki erreferente bihurtuz.
Ikuskizunerako sarrerak 8 eta 16 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.