Mikel Etxaburu, Joseba Gabilondo, Ramon Perez Parejo eta Encarna Alonsoren lanak saritu dituzte

uriola.eus 2015ko abe. 16a, 13:40

Mikel Etxaburu Osak Hirian zainetan lanarekin eta Ramon Perez Parejok Gremios poema liburuarekin irabazi dituzte sari nagusiak Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VIII. edizioan. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVI. edizioko sariak Joseba Gabilondok euskarazko kategorian eta Encarna Alonso Valerok, gaztelaniazkoan, irabazi dituzte.

Bilboko Udalak urtero deitzen duen Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VIII. edizioak eta Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVI. edizioak irabazleak dituzte jada. Sarien banaketa ekitaldia gaur eguerdian izan da Udaletxeko Areto Arabiarrean, Juan Mari Aburto alkatearen, epaimahai bakoitzeko kide batzuen eta saritutakoen presentziarekin.

Poesia sariari dagokionez, euskarazko sari nagusia lortu duen Mikel Etxaburu Osaren Hirian zainetan poesia liburuari dagokionez, epaimahaiak, "bertsoek niaren eta hiriko paisaiaren artean dagoen lotura erakusten duten modu berezia" azpimarratu du, "emozioz betetako ibilbidea egiten duen ahots poetikoarekin". Bilbon bizi den ondarrutar hori Euskal Filologian doktore da, Zu zara orain txoria eta Hodeiak zapatetan poesia liburuak argitaratu ditu eta duela sei urtetik irakasle da Mondragon Unibertsitatean.

Saiakera sariari dagokionez, epaimahiaren esanetan Joseba Gabilondoren saiakerak "globalizazioaren inguruan hainbat atzera itzulera eginez, aro biktoriarra, neobarrokoa eta erdi aroa gogorazten ditu eta, azkenik, barbaroen garaiko bizipenak irudikatzen, subjektuaz eta honen geroaz hausnartuz". Epaimahaiak azpimarratu du egileak, "lan akademikoak eskatzen duen zorroztasuna bere gogoetekin uztartuz, modu egituratuan eta barne-lotura sendoarekin lantzen duela iragarritako gaia. Erudizio zabala erakusten du diziplina desberdinetako ezagutzak erabiltzean. Baita jakintza-alorrok gobernatzen asmatu ere, elkarrekin harremanetan jartzerakoan. Abstrakzio-maila handiko ideiak modu eskuragarrian ematea lortzen duela", adierazi du epaimahaiak.

Joseba Gabilondo –Euskadi Saiakera Saria 2014– Michiganeko Unibertsitateko (EEBB) Espainiera eta Portuges saileko irakaslea da, eta bertan bizi da duela bi hamarkada baino gehiago. Euskal Filologian Lizentziatu eta Literatura Konparatuan doktore, literatur jarduera emankorra izan du, zazpi liburu eta hainbat artikulu espezializatu argitaratu ditu.

 

Ramon Perez Parejo eta Encarna Alonso gaztelaniaz

Poesian, gaztelaniazko saria lortu duen Ramon Perez Parejoren Gremios poesia liburuari dagokionez, epaimahaiak "planteamendu bitxia, baina edukiari dagokionean sakona", nabarmendu du, bertan, "estilo zainduarekin eta ondo neurtutako bertsoarekin, poesiaren subjektua hainbat ahotsetan agertuz/islatuz, zenbait lanbide irudikatzeko. Gure munduari buruzko gogoeta egiteko gonbidapena ere bada, ikasitako tradizio poetikoan oinarrituta".

Ramon Perez Parejo (Badajoz, 1967) Hispaniar Filologian doktore da Extremadurako Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailean. Bere ikerketaren ildoak Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika, Haur eta Gazte Literatura, Zinea eta Hezkuntza, Literaturaren Teoria eta Espainiera Bigarren Hizkuntza gisa dira. Filologo moduan aditua da XX. mendeko bigarren erdialdeko espainiar poesian, Extremadurako poesian eta emakumeek idatzitako poesia latinoamerikar garaikidean.

Gaztelaniazko kategorian saritutako Encarna Alonso irakaslearen saiakerari dagokionez, epaimahaiak, "testu arina, oso ondo idatzia eta erabateko gaurkotasuna duena" dela azpimarratu du. Izan ere, bibliografiak asko landu duen Espainiako literaturaren edo/eta pentsamenduaren garai bati buruzkoa den arren, Mujeres en vanguardia. Escritoras y artistas en la España de preguerra lanean azpimarragarria da "tratamenduaren originaltasuna", izan ere, garai hura emakumeen ikuspuntutik lantzean, "omisio nabarmenak eta baztertze interesatuak agerian geratzen dira, baina, batez ere, garai hartako intelektual espainiarren maskulinotasuna edo patriarkalismoa".

Encarna Alonso Valero Granadako Unibertsitateko Espainiar Literatura saileko irakaslea da. Gaur egun, La configuración del patrón poético español tras la Guerra Civil: relaciones literarias, culturales y sociales izeneko I+G proiektuko ikerlari nagusia da. Hiru liburu eta hainbat artikulu idatzi ditu nazio eta nazioarte mailako aldizkarietan. Bere ikerketa lana XX. mendeko poesia espainiarrean eta genero azterlanetan zentratzen da.

 

Lehiaketak

Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketako azken edizio honetan 76 lan aurkeztu dira, 69 gaztelaniaz eta 7 euskaraz. Irabazle bakoitzak 6.000 euroko esku-diru saria jasoko du.

Blas de Otero Poesia Lehiaketaren azken edizio honetara 449 poesia-liburu aurkeztu ziren –10 euskaraz– horietako asko Ertamerikatik eta Hegoamerikatik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi erakusten du erabat finkatuta dagoen lehiaketaren nazioarteko izaera. Saritutako bakoitzak 5.500 euroko esku-diru saria jasoko du.

Blas de Otero Poesia Lehiaketa eta Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa urtero deitzen ditu Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketa horien helburua "literatura jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, bi egile bilbotar horien memoria eta lana bizirik iraunarazteaz gain".