Aurtengo edizioan ere, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak izan diren bi film laburrek 3.000 euroko saria jasoko dute eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenari 2.000 euroko sariaria emango zaio.
Film laburren alorreko hiru sari horiek ezin daitezke banatu gabe geratu, eta Kultura eta Hezkuntza Sailak zinegile gazteen lanari laguntzeko hasi duen lana indartzea dute helburu, izan ere, hori baita Zinemaldi Fantastikoaren nortasunaren ikurretako bat.
Aipatutako sari horiez gain, Fanten hurrengo edizioak, diru-saririk ez duten baina erreferentziazkoak diren sariak ere banatuko ditu: sekzio ofizialeko genero fantastikoko Film Luze Hoberenaren Saria, filmaren egileari emango zaiona, eta Fantrobia Saria, azken urteetan, zine fantastikoaren barruan, gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari emango zaiona.
Horrez gain, beste urte batez, Sekzio Ofizialeko film luzeei ematen zaizkien sari hauek banatuko dituzte: Gidoi hoberenaren Saria, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak ematen duena, eta zuzendaritza berritzaileenari ematen zaiona, FAS Zine Klubaren eskutik.
Film laburrak mugikorrarekin
Berrikuntza gisa, Fant jaialdiaren hurrengo edizioak, telefono mugikorrarekin grabatutako fantasiazko edo beldurrezko film laburren lehiaketa berria jasoko du. Proposamen bakoitzak gehienez ere 10 minutuko iraupena izango du, eta oinarrietan adieraziko diren kalitateari eta formatuari buruzko zenbait betekizun bete beharko ditu.
Zinemaldiaren antolatzaileek, aurreko urteetan egindako trailer faltsuen lehiaketa ordezkatuko duen lehiaketa berri hori martxan jartzea erabaki dute, partaideek, gaur egun, baliabide xumeekin, baina irudimen handiarekin, istorio bikainak konta daitezkeela erakuts dezaten.
Lehiaketa honetatik aukeratzen diren film laburrak Fant 2016ko saio batean emango dira. Saioa amaitu ondoren, ikus-entzuleek zuzenean bozkatuko dute, eta boto gehien jasotzen duen lanak 750 euroko saria jasoko du. Zinemaldiko epaimahaiak 1.500 euroko beste sari bat ere emango du.
Kasu guztietan, ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna 2016ko martxoaren 15a izango da. Materialak lehiaketara aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den gainerako informazio guztia, zinemaldiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke: www.fantbilbao.eus