Erriberako eta Abandoko merkatuek ordutegia luzatuko dute Gabonak direla eta

uriola.eus 2015ko abe. 17a, 09:13

Bezeroen joan-etorriak eta erosketak errazteko, Gabonei begira, Abandoko eta Erriberako Udal Merkatuek zabaldu egingo dute jendeari arreta eskaintzeko ordutegia.

Argazkia: Bilbao – Eusko Guide

Udal merkatuak dira hiriko hornidura gune nagusiak. Horrela Erriberako Merkatuak, abenduaren 21ean, astelehenean, goizeko 08:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara zabalduko ditu ateak; abenduaren 23an eta 30ean goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, etenik egin barik; eta abenduaren 24an eta 31n, goizeko 08:00etatik 15:00etara.

Abandoko Merkatuari dagokionez, abenduaren 23an eta 30ean goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara zabalduko ditu ateak, etenik egin barik, eta abenduaren 24an eta 31n, goizeko 08:00etatik 15:00etara.

Gainerako udal merkatuek neguko ohiko ordutegiarekin jarraituko dute. Horrela, Zabalguneko Merkatuak goizeko 07:30etik 14:30era zabalduko ditu ateak astelehenetik larunbatera, betiko moduan, eta Deustuko Merkatuak, astelehenetik ostiralera goizeko 08:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 08:00etatik 14:00etara. Abenduaren 24an eta 31n, ostegunez, goizeko ohiko ordutegian egongo da zabalik.

San Inazioko eta Otxarkoagako Merkatuei dagokienez, astelehenetik ostiralera goizeko 08:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30era egongo dira zabalik, eta larunbatetan 08:00etatik 14:00etara. Abenduaren 24an eta 31n, ostegunez, goizeko ohiko ordutegian baino ez dira zabalik egongo.

Amaitzeko, Traukoko Merkatuaren ordutegia goizeko 08:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitartekoa da astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan 08:00etatik 14:00etara egoten da zabalik. Abenduaren 24an eta 31n, ostegunez, goizez baino ez da zabalik egongo, 08:00etatik 15:00etara.