Euskalduna jauregia Gabonetako soinuz beteko da igande honetan, abenduaren 20an, Bilboko Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Bandak antolatu dituzten Kontzertuekin. Bakoitzak bere estiloarekin eta bere gonbidatuekin, bi taldeek garai honetako musikarik hoberenaz gozatzeko aukera eskainiko diete ikus-entzuleei, eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 20:00etan. Musika Bandaren kontzerturako sarrera 2 eurotan lortu daiteke jauregiko txarteldegian kontzertuaren egunera arte, BBK-ko kutxazainetan eta www.euskalduna.net webgunean ere. Txistulari bandaren emankizuna dohainik da.
Goizeko 12:00etatik aurrera, Musika Bandak bere zuzendariorde Iñaki Urkizuk zuzenduko duen beren-beregiko kontzertua eskainiko du. Ainara Ortegaren partaidetza izango du, aparteko ahotsa aparteko kontzerturako.
Hemeretzi urterekin Ainara Ortegak Gradu Profesionaleko bibolineko ikasketak amaitu zituen Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan eta orduantxe hasi zen abeslari gisa Mac Jeara´s Band dixieland taldean, 2000 eta 2004 artean makina bat kontzertu eskeiniz. 2006an Ohorez lizentziatu zen Donostiako Musikene Goi Mailako Ikastegian jazz-ahotsean, lehenbiziko promozioko aurreneko emakumea izanik. jazzaren alorrean aintzatetsiak diren musikariekin eszenatoki berean aritua da: New Yorkeko saxo jolearen taldean Bob Sands Big Band, Joaquín Chacón gitarra jotzailea, Victor Merlo, Chris Kase, Jorge Rossy, Mariano Díaz, Mikel Andueza, Jasie Davis, Carme Canela, Jorge Pardo…
Aldi berean aktore profesionalaren ibilbideari ekin zion Vaiven Producciones konpainiaren baitan. Gaur egun Vaiven Produccionesen 'New Orleansko Cyrano' antzezlanean dabil lanean eta ETB-1ean telesail berrian ikusi ahal izango dugu aktore lanetan, 'Eskamak kentzen'. 2015ean Scat bere lehen diska kaleratu du, taldearen buru, moldatzaile eta konposatzaile modura. Horretarako, beste behin ere, aldamenean izan ditu musikari bikainak eta kontaezinak diren hamaika proiektutako adiskide zaharrak, Iñaki Salvador, Hasier Oleaga eta Javier Mayor.
Ainara Ortegak, Bandak dituen 45 musika-tresna jole baino gehiagori gehituko die bere ahotsa, Gerswin, Jobin edo Velazquez bezalakoen lanak eta Santa Claus is coming, Let it snow! Let it snow! Let it snow! edo Olentzero swing bezalako Gabonetako abestiak entzungo diren kontzertuan.
Arratsaldean, Bilboko Txistulari Bandaren txanda izango da. Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (zuzendaria eta txistu lehena), Idoia Kareaga (txistu bigarrena), Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garcia (perkusioak).
Igande honetan, 20:00etatik aurrera, Euskeria abesbatzarekin, jada ohikoa den Gabonetako kontzertuarekin esango diote agur urteari, ikus-entzuleekin batera. Urko Sangronizen zuzendaritzapean, 1985ean sortutako Bilboko Koral Elkartearen ahozko talde horrek zubi-lana egiten du Haur Koruaren eta Helduen Koruaren artean. Denboraldi osoko hunkigarri eta familiarrenetakoa den kontzertu honetan Mariano Santamaría piano joleak ere hartuko du parte.
Txistulariek eta Euskeria Koraleko ahotsek Eguberri giroko programa eskainiko dute. Couperinen Minuetoa-Dorremotxa-Giga hasieran eta Rise up, sheperd and follow espirituala amaieran. Batetik bestera, honako doinu hauez gozatzeko aukera egongo da: Aragüesen Suite de Navidad, Ripsen Dona novis pacem eta Bustoren Hiru eguberri kanta.
Gabon ostean, talde biek euren kontzertu denboraldiekin jarraituko dute Euskalduna Jauregian. Txistulari Bandaren kontzertu-zikloaren barruan Aitor Urquizaren (txistua eta konposaketa) eta Xabier Olazabalen (txistu eta akordeoia) emankinzuna eskainiko da urtarrilaren 13an A3 Aretoan, eta Musika Bandak 'Literatura ezagutzen' kontzertua eskainiko du Auditorioan urtarrilaren 24an, igandean.