San Tomas 2015

Operatibo berezia martxan San Tomas egunean

uriola.eus 2015ko abe. 21a, 10:17

Areatza eta Plaza Barriko ingurunea Euskal Herriko aire libreko merkatu nagusi bihurtuko da berriro ere gaur, San Tomas eguna izaki. Bertan produktu askotariko 286 saltoki kokatuko dira eta barazkiak, gaztak, frutak, txakolina, sagardoa, taloa, landareak zein loreak eskuratu ahalko dira.

Udalak, besteak beste, hurrengo neurriak programatu ditu San Tomas eguneko ohiko Azoka-Erakusketaren 68. ediziorako: herritarren segurtasuna eta bide publikoaren garbiketa indartzea; saltokiak eta instalakuntzen baldintzak ikuskatzea osasunari nahiz higieneari dagokienez; Bilbobusen hainbat lineatan aurreikusitako aldaketak; eta geraleku berriak prestatzea. Erabaki horiekin, Santo Tomas Azoka Bilboko Eguberriaren ekitaldi maitagarri eta jendetsuenetarikoa izaten jarraitzeko asmoa dago eta operatiboa asteartera arte luzatuko da.

Egun osoan eta, batik bat, eguerdian, jende ugari bertaratzea aurreikusi denez gero, Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du Areatza nahiz Plaza Barriko guneetara joateko.

Lan esparruak

Urtero bezala, Areatza Santo Tomas Azokaren agertoki nagusia izango da. Hori dela eta, Zingirakale, Erribera eta Areatzako Zubiaren artean dagoen jai-esparrua ibilgailuen trafikorako itxiko da, zirkulazioan Aste Nagusiaren antzeko murrizketak eraginez.

Areatzako Pasealekuaren jai-esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 222 postu egongo dira. Bakoitzak 5,30 x 2,50 metroko neurriak edukiko ditu. Halaber, totem bat egongo da San Tomas Azokaren antolatzaileak diren erakundeen irudi korporatiboekin: -Bilboko Udala eta BBK-. Bestetik, anbulantzietarako eta osasun-arretarako postu bat ipiniko da Areatzako tinglatuetan.

Osasun-arretarako postuaren ondoan Udal Koordinaziorako Zentroa egongo da. Bertan bilduko dira Espazio Publikoaren, Babes Zibilaren eta Udaltzaingoaren ordezkariak eta azokaren segurtasunaren eta sustatzailearen langileak, egun osoan jai-esparru guztietan segurtasuna bermatzeko.

Plaza Barrian ere baserritarren 64 saltoki, 7 x 5,50 metroko agertokia, eta Areatzakoaren moduko jaia identifikatzeko totema egongo dira. Aurreikusitakoaren arabera joango diren jendetzari lotutako edozein arrisku gutxitzeko, Plaza Barriaren sarreran egoten diren edukiontziak kendu dira eta segurtasuneko langileak egongo dira bertaratuko direnen joan-etorriak kontrolatzeko.

Era berean, plazara joateko arkupe bakoitzean sartzeko eta irteteko bide bana egongo da eta, azken hau, une guztietan jendea erraz ibiltzeko moduan egon behar izango da.

Santomaseko saltokiak eta txosnak berdeguneak eta arboladiak ez zanpatzeko moduan kokatuko dira. Jarlekuak eta hiriko beste altzariak ez dira okupatuko eta, aldez aurretik, txosna eta agertokien eremuen inguruko berdeguneak hesiz inguratuta egongo dira.

Gainera, Arriaga Antzokiko plazaren ondoan, 8 postu BBKren egutegia banatzeko eta umeak zaintzeko eremua ipiniko dira.

Handik metro gutxitara, Bilboko Eguberriaren hitzordu garrantzitsu honetara bertaratuko direnek Eguberriko Merkatu Txikia bisitatzeko aukera izango dute, Bailen kaleko balkoian.

Zirkulazio aldaketak

Trafikorako itxitako kaleak (09:00etatik 22:00 arte gutxi gorabehera)

• Zingirakale (Ernesto Erkoreka plazaren aldean).
• Erribera (Mesedeetako zubiaren aldean)
• Areatzako Zubia (Bailen kalearen aldean)

Goizeko 11:00k arte zama-lanak egiteko Zazpikalera sartzeko aukera egongo da, salbu bertaratutako jende-kopuruaren arabera hartu beharreko segurtasun-arrazoiengatik besterik egitea komeni denean. Halaber, aipatutako eremu horretan ibiltzen diren Bilbobuseko autobusen zerbitzua goizeko 09:00ak arte luzatu daiteke. Ordu horretan, aldaketek eragindako linea bakoitzerako programatutako ordezko ibilbideak ezarriko dira.

Bestetik, egunaren amaieraraino, autoak Bailen kaletik baino ezin izango dira sartu Erripa kalerantz. Gainera, autobusek Bailen kaletik Plaza Biribilerantz biratzeko baimena edukiko dute, bertaratutako jende-kopuruaren arabera hartu beharreko erabakiek horretarako aukera ematen duten bitartean.

Arriaga Plazako Bilbon Bizi puntua zerbitzurik ez du emango egun osoan eta ezin izango da bizikletarik hartu ezta utzi ere. Gainontzeko puntuak normaltasunez funtzionatuko dute.

Aparkalekuak

Kalea trafikorako itxi arren, Areatzako txandakako aparkalekura eta Epaltzaren alarguna, Prim eta Erribera kaleetako aparkalekuetara sartu ahal izango da, bertaratutako jende-kopuruaren arabera hartu beharreko erabakiek horretarako aukera ematen duten bitartean. Halaber, Plaza Barriko eta Prim-Dolaretxe kaleetako egoiliarrentzako aparkalekuak ere irekita egongo dira bertaratutako jende-kopuruaren arabera hartu beharreko erabakiek horretarako aukera ematen duten bitartean, Udaltzaingoak autoak ibiltzea oinezkoentzat arriskutsua dela iritziko duen uneraino. Erkoreka plazatik bertara sartzea eragotziko denetik, Prim-Dolaretxe kaleetako aparkalekuetara seinaleztatzaileek adierazitakoaren bitartez sartu ahal izango da, Prim eta Aurrekoetxea kaleen arteko bidegurutzetik abiatuta.

Areatzako aparkalekuari dagokionez, Ernesto Erkoreka plazatik adieraziko da sarbidea. Horretarako, kono altuak eta zintak erabiliko dira, hainbat seinaleztatzailek lagunduta. San Nikolas plazaranzko sarrera-irteera itxita egongo da.

Bilbobus

Urtero lez, Areatzako jai-esparrua ixteak Bilbobuseko hainbat linearen ohiko ibilbidean aldaketa puntualak eragingo ditu: 03, 11, 22, 28, 30, 40, 56, 58, 62, 71, 72, 75, 77, 85, A1, A2, A5 eta A7.

Bilbobuseko autobusek ostiraletako ordutegi eta maiztasunak izango dituzte eta Gautxori goizaldeko 02:00ak arte ibiliko da.

Jai-esparruaren inguruko lineen ibilbide berriak

Udaletxeko zubitik datozen lineen ibilbide berriak

Kale Nagusitik datozen lineen ibilbide berriak

Atxuritik datozen lineen ibilbide berria

Autobusak geldituko ez diren geralekuak

Ibilbide berrien ondorioz, hurrengo geralekuetan autobusak ez dira geldituko:

• Kale Nagusia 8 (28, 72 eta A7 lineetarako)
• Zingirakale 5 zenbakiaren aurrean
• Epaltzaren Alarguna 1 / San Nikolas
• Areatza San Nikolasen aurrean
• Areatzako zubia
• Areatza/Arriaga
• San Nikolas 4
• Unamuno
• Prim 22 bis
• Prim 36.

Halaber, Bailen kalean behin-behineko geralekua ipiniko dute.

Informazio zehatzagoa dago geralekuetan, www.bilbao.eus webgunean eta 010 telefonoan.

Bizkaibus eta taxiak

Eremu honetatik ibiltzen diren Bizkaibuseko autobusen ibilbideetan aldaketak egongo dira kaleak trafikorako ixtearen ondorioz. Edonola ere, Bailen kaleko lineako abiaburutik autobusek erabateko normaltasunez irtengo dute.

Taxiari dagokionez, Areatza pasealekuko 4. zenbakiko geralekua ez da erabiliko eta bere ordez Mesedeetako Zubian jarriko da geraleku berria.

Tranbia

Tranbiaren Areatzako zatian bildutako jende-multzoak Udaltzaingoaren iritziz bide-segurtasunerako arriskutsua izanez gero, EuskoTrenek Arriaga eta Pio Baroja geltokien arteko zerbitzua etengo du eta egoera horren araberako funtzionamendua antolatuko du, hau da, alde batetik, Atxuri eta Arriaga geltokien artean, eta bestetik, Pio Baroja eta Ospitalearen artean.

Hala egingo litzateke goizeko 10:30etatik arratsaldeko 20:30etara. Une horretan tranbia Areatzaren inguruetan ibiltzeko moduan egongo dela aurreikusi da.

Herritarren segurtasuna

Bilboko Udaltzaingoak 100 agentez baino gehiagoz osatuta egongo den segurtasun-dispositibo berezia antolatu du. Horri esker, izan litezkeen gorabeherei eta maltzurkeriazko ekintzei nahiz herritarren segurtasunerako kaltegarriak diren egoerei erantzuteko moduan egongo da, Ertzaintzarekin elkarlanean.

Hala, Auzo Poliziaren Ikuskaritzetako udaltzainek jai-esparruan ibiliko dira kaleko jantzita egongo diren agenteekin batera, bertaratutako jendearen artean segurtasunik eza eragin dezaketen ekintzei aurrea hartzeko, esate baterako, diru-zorroen lapurretak, borrokak edo ordena publikoaren bestelako hausturak.

Hala, kaleko jantzitako agenteekin batera, Udaltzaingoak uniformedun patruilak ezarriko ditu, azokaren barruan eta inguruetan. Gainera, Ernesto Erkoreka plazan eta Plaza Biribilean kontrol finkoak egongo dira. Horrez gain, Babes Zibileko hainbat teknikarik segurtasunaren arloan indarrean dauden araudiak betetzea zainduko dute une orotan.

Gomendioak

Edonola ere, Bilboko Udalaren Herritarren Segurtasun Sailak prebentziozko hainbat erabaki hartzea aholkatzen du:

• Udaltzaingoak esandakoari kasu egitea, eta agenteengana joatea edozein larrialdi gertatuz gero.

• Diru-zorroa agerian ez eramatea, jakaren barruko edo praken aurreko poltsikoan gordetzea; zorroak, berriz, beti kontrolatzea (hobe da gorputzari erantsita eramatea kirtenetik zintzilik eramatea baino).

• Edonola ere, ezinbesteko agiriak baino ez eramatea komeni da, baina etxeko giltzak ez dauden beste leku batean eramaten ahalegindu behar da.

• Lapurreten bat jasanez gero, salaketa jarri Udaltzaingoan (telefonoa: 092) nahiz Ertzaintzan (telefonoa: 112).

Garbiketa

Mota honetako ospakizun jendetsuetan ohikoa den bezala, Udalak ahalegin berezia egingo du San Tomas Azokan hiria erabiltzeko egoera ezin hobean egoteko.

Gaur bertan erabilera eta tamaina desberdinetako 300 edukiontzi egongo dira. Egun horretan aparteko arreta eskainiko zaio beirari eta zortzi lagun ibiliko dira kalean kokatutako beira jasotzeko ontziak eta lurrean utzitako beira bera jasotzen, hautsitako botilekin zauritzea saihestuta segurtasun handiagoa emateko. Abenduaren 22an, asteartean, garbiketa goizeko 6etan hasiko da.

Gainera, abenduaren 21ean eta 22an Itsasadarreko garbiketa zerbitzua izango da, uretara bota, jaurti edo erortzen den edozein motako hondakinak kentzeko.

San Tomas eguneko garbiketarako operatibo berezia 107 lagunez osatuta egongo da larunbateko goizetik astearteko 14:00ak arte, une horretan operatiboa amaituko delako.

Obra, Zerbitzuak Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoko Sailak gogorarazten dizue, kontsumo arduratsua egin behar dela eta hondakin bakoitza (zaborra, papera, ontzi eta beira) dagokion zaborrontzian utzi behar dela, bilketa selektibo egoki bat errazte aldera.

Kontsumoa eta elikagaien segurtasuna

San Tomas Azoka burutu bitartean, Osasun eta Kontsumo Saileko teknikari eta ikuskatzaileek elikagaien banaketa eta salmenta-puntuak bisitatuko dituzte indarrean dagoen araudia modu egokian betetzen dela bermatzeko eta bertaratutako guztien osasuna ziurtatzeko.

Modu honetan, Merkatuen eta Elikagintza nahiz Sukaldaritzaren Ikuskaritzarako Negoziatuek eta Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoak Santo Tomas Azokako 286 saltokiak ikuskatuko dituzte, Bilboko jatetxe, taberna eta kafetegiekin, Erriberako Azokako saltokiekin, hala nola elikagaiak, opariak eta gabonetako produktuak erosteko gehien bisitatzen diren dendekin batera.

Bilboko Udalak higienea eta osasuna kontrolatzeko ezarritako neurriez gain, Osasun eta Kontsumo Sailak kontsumo jarrera arduratsua izatea aholkatu nahi du, horretarako, soilik behar-beharrezkoa dena erosita, erosketak mailakatuta, etiketak argiak izatea eskatuta edo “bidezko merkataritza" delakoaren produktuak kontsumituta (ingurumena, haurren eskubideak eta, gizon-emakumeen berdintasuna errespetatzen dituztenak).

Era berean, elikagaiak edota edariak saltzeko dagokion administrazio-baimenik ez duten saltoki edo dendetan erosketarik ez egitea eta konfiantzazko dendetara joaten jarraitzea aholkatzen da, bereziki, kontsumo-arbitrajeko sistemaren pean daudenetara (logotipoa denden sarreran ikusgai egoten da).

Aurreko urteetan bezala, txosnek eta janari zein edariak dastatzeko saltokiek erabilera bakarreko edalontzi eta platerak erabiliko dituzte. Gainera, salgaiak paper birziklatuko poltsetan emango dira, plastikozko poltsen ordez, izan ere, azken hauek ingurumenerako askoz ere kaltegarriagoak dira.