Bilboko emaitzei erreparatuz, zentzu horretan joan izan dira ere. Podemos EAJri aurrez aurre begiratzeko gai izan da, baina alderdi jeltzaleak bere lehen postuari eutsi dio 52.690 botoekin (%27,29). Ia 7.000 boto galdu ditu 2011ko hauteskundeekin alderatuz, parte hartzea igo den arren. Hala ere, lasai egin dute lo Sabin Etxean. Euskal Autonomi Erkidegoan bigarren postura jaitsi da, baina eskainu bat egin du gora. Ez hori bakarrik, Madrilgo Kongresuan ez "PP+Ciudadanos" blokeak ez eta "PSOE+Podemos" blokeak ez dutenez gehiengo absolutua lortu, bere negoziazio margenak handitu eta lortutako 6 jesarlekuei etekina ateratzeko esperantza du.
Bestetik Podemos, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan emandako abisuaren ondoren, bigarren izan da Bilbon 48.342 botorekin (%25,04). EAJtik oso hurbil geratu da, 4.300 botora baino ez. Baina nondik datoz Podemosek Bilbon lortutako 48.342 botoak? Iazko hauteskunde europarretan 8.440 jaso zituen, eta maiatzeko foraletan 24.423 (udalekoak kanpo utzi ditugu marka desberdinekin aurkeztu zelako). Hazkundea oso nabarmena da, eta parte hartzearen igoerak bakarrik ez du hazkunde hau azaltzen. Alegia, Podemosek beste alderdietatik "lapurtu" ditu boto asko; PSE-EEtik, EAJko boto emaile gazteetatik agian ere. Baina biktima nagusi bat dago: EH Bildu.
Ezker abertzalea izan da atzoko hauteskundetako kaltetu nagusia Bilbon. Egia da hauteskunde espainolak "arraroak" direla ezker abertzalerentzat, eta Bilbo ez dela inoiz izan bere feudoetako bat. Baina Bilbo Handiko herri gehienetan gertatu den moduan indar moreak zeharo kolpatu eta EH Bildu bosgarren postura jaitsi da, 17.127 boto lortuz ( %8,87).
Printzipioz, botoek koalizio ezkertiar eta abertzale batetik (EH Bildu) alderdi ezkertiar eta "erabakitzeko eskubidearen" aldeko batera (Podemos) joanaraztea ez litzateke oso arraroa izango. Baina atzetik inplikazio sakonago bat dago; ikuspuntu aldaketa bat.
Orain arte boto emaile independentisten helburua Madrilen independentismoaren indarra erakustea zen, bertako gobernagarritasunean sartu gabe. Orain aldiz, Podemosera mugitu diren boto emaile hauek Espainiako gobernu aldaketan eragin nahi izan dute. Hau da, ez dute klabe euskaldunena bozkatu, klabe espainolean baizik. Ez dute Euskal Herriari begira eman botoa, baizik eta Madrilera begira, dimentsio espainola onartuz.
Bestalde, EH Bilduren kanpainaren leloetako bat "Zertara goaz Madrilera?" izan da. Badirudi ez direla gai izan erantzun borobil bat aurkitzeko, edo behintzat erantzun hori azaltzeko. Galdera berak justifikazio baten bila egongo balira bezala pentsatzera ematen zuen. Hauteskunde espainolak deserosoak dira alderdi independentista batentzat, aurkeztearen baliagarritasuna edota sistema politikoa legitimatzearen inguruko eztabaidak direla eta. EH Bilduren diskurtsoaren "podemisazioak" eragina izan du ere. Independentismoa "erabakitzeko eskubidea" bihurtu da adibidez. Lurraldetasun eztabaida malgutu da ere. Azken finean, EH Bilduk bere izaera eta diskurtso diluitu du. Alderdi independentista bat hauteskunde estatalera aurkezten bada, mezu eta diskurtso argia izan behar du, bere marka bereizia. Konbentzitu behar du merezi duela hari botoa ematen jakinda ezer gutxi eragingo duela Madrilgo Kongresuan. Laburbilduz, EH Bildu "boto erabilgarriaren" biktima izan.
Beste alderdi espainolei erreparatuz, sorpresa handirik ez. Orokorrean, Estatuko beheranzko joera jarraitu dute Bilbon ere. PP hirugarren izan da 29.484 botokin (%15,27); 14.000 galdu ditu, zeinetatik asko Ciudadanosera mugitu diren (9.254). Aldiz, PSoE laugarren izan da 24.837 boto eskuratuz (%12,87). Kasu honetan, galdutako 17.000 botoen gehiengoa Podemosera mugitu izan da ziurrenik.
Azken finean emaitza hauek maiatzean antzeman zen euskal sistema politikoaren transformazioa zeharo konfirmatu dute. Historikoki egon diren lau familia politikoen artean (abertzale ezkerra eta eskuina; eta espainol ezkerra eta eskuina), Podemosek bere lekua egitea lortu du. Hala ere, konfirmatzeko dago emaitza hauek koiunturalak izan diren, hala etorkizuneko errealitate politikoaren joeren aurrerapena bat.
Esperagarriena hauteskunde berezi hauen ondoren euskal errealitate politikoa berriro ere "normalizatzea" da, EAJ nagusi batekin eta EH Bildu berrindartuz. Ikusteko dago ere Podemosen boto emaile berrien fideltasuna; eta ia botoak alderdira edo Pablo Iglesias presidente egiteko baino ez diren joan. Hori bai, lehen aldiz "betiko alderdia traizionatu" ondoren, errazagoa izaten da bigarren baten egitea. Hurrengo testa EAEko parlamentuko hauteskundeetan izango da 2016ako udazkenean; espainolak aurreratzen ez badira beti ere.