Gabonak 2015

Olentzero eta Mari Domingiri harrera egiteko operatibo berezia prest

uriola.eus 2015ko abe. 22a, 09:00

17:45etik 20:00etara, Kale Nagusian, Plaza Biribilean zein Areatzan zirkulazioa mailaka eta behin-behinekoz etenda egongo da. Gainera, Bilbobuseko hainbat linearen ibilbideak aldatuko dira eta garbiketarako txanda berezia prestatu dute ekitaldia burutu bitartean. Udalak eragozpenak izango diren eremuan ez ibiltzea eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.

Olentzero bihar, abenduak 23, helduko da Bilbora, Mari Domingi eta galtzagorri leialekin batera. Bertako erdiguneko kale nagusietatik omenezko kalejira egingo dute. Ospakizunaren ondorioz, Kale Nagusia-Plaza Biribila-Areatza eremuko ibilgailuen trafikoa etengo da behin-behinekoz.

Olentzerori ondo etorria emateko desfilea 18:00etan hasiko da, eta 45 minutuz, gutxi gorabehera, hurrengo ibilbidea egingo du: Moiua plaza - Kale Nagusia - Plaza Biribila - Nafarroa - Areatzako zubia - Arriaga plaza.

19:00ak aldera, Olentzerori ongi etorria egingo diote Arriaga Plazan. Bertan, ikazkinak Areatza Zubiaren ondoan bildutako jendea agurtuko du, eta gero, antzokira sartuko da atsedena hartzeko, txikien artean opariak zein ilusioa banatzen jarraitu ahal izateko.

Trafikoan izandako aldaketak

Olentzero heltzearekin batera, 17:45etik 20:00etara, gutxi gorabehera, Bilboko erdiguneko hainbat kale trafikorako itxita egongo dira eta ekitaldia burutu ahala, tarteka ibiliko dira hauek irekitzen.

Hala, 17:45etik aurrera, ibilgailuen trafikoa itxita egongo da Kale Nagusian, Moiua plazaren eta Plaza Biribilaren arteko bide-zatian. Bide-zati hori itxita dagoen bitartean, Kale Nagusiko eta hura zeharkatzen duten kaleetako (Portuko markesa, Astarloa eta Mazarredo zumarkalea) aparkalekuetara ezin izango da sartu ezta atera ere. Gainera, Mazarredo zumarkalearen eta Astarloa kalearen artean dagoen Ledesma kaleko bide-zatian aurreko bidegurutzetik sartu eta irten behar izango da, seinaleztatzaileek lagunduta.

Bilbobus

Bestetik, Olentzeroren kalejiraren ondorioz, Bilbobuseko hainbat autobusen ibilbideak aldatuko dira. Hala, Kale Nagusiaren 3, 7 eta 36 zenbakietako geralekuetan 01, 10, 28, 56, 62, 72, 77 eta A7 lineen autobusak ez dira geldituko 17:45etik kalejira igaro arte (noranzko bietan).

Horrez gain, trafikoa etenda egongo den bitartean, zirkulazioa hurrengo lekuetatik bideratuko da:

• Moiua plazarako noranzkoan: Urkixo - Iparragirre - Moiua plaza 

• Plaza Biribilerako noranzkoan: Colon Larreategui - Mazarredo zumarkalea

Era berean, 18:45etik 56 eta 77 lineetako autobusak Moiua plazatik Elkano-Hurtado Ametzaga-Zabalburu-Gorte kaleetatik joango dira, eta ondoren ohiko ibilbidea jarraituko dute.

28, 62 eta 72 lineetan ere aldatuko dute ibilbidea: Colon Larreategi-Buenos Aires-Udaletxeko zubia; horren ostean, ohiko ibilbidea hartuko dute. Erribera kaletik etortzen diren lineei dagokienez, hurrengo ibilbidea izango dute: Mesedeetako zubia-San Frantzisko- Zabalburu plaza-Aiala-Urkixo zumarkalea-Iparragirre-Moiua plaza; horren ostean, ohiko ibilbidea hartuko du. 

Informazio gehiago geralekuetan, www.bilbao.eus webgunean eta 010 telefonoan.

Garbiketa

Urterik urte, Olentzeroren ondo etorriak Bilboko Udal Garbiketa Zerbitzurako erronka berria ekartzen du. Aurten ere, zerbitzu horretako beharginak Bilboko kaleak garbi-garbi uzten ahaleginduko dira, kalejira baino lehen eta hura amaitutakoan.

Horretarako, Obra, Zerbitzu, Hiri-eraberritze eta Espazio publiko Sailak garbiketa operatibo berezia prestatu du, lau erratz-makinaz, hamar beharginez eta zaborra biltzeko kamioi batez osatuta. Ekitaldia burutu bitartean, kaleak garbitzeaz arduratuko dira.