Bilboko lurpeko geltoki intermodala 2018an martxan jarriko da

uriola.eus 2015ko abe. 24a, 11:10

www.flickr.com/photos/heartindustry

2018ko lehenengo seihilekoan Bilbon lurpeko geltoki intermodal berria martxan egongo da. Udalak atzo beste pauso bat eman zuen bide horretan, Gobernu Batzordean, obra adjudikatuta eta emanda. 

Auzoa-Hiria binomioa 

Garellanoko Intermodalak Basurtu-San Mames ingurunea aldatuko duten proiektuei jarraipena emango die. Intermodalarekin batera, izandako eraldakuntzaren beste adibide batzuk daude: San Mames estadio berria, Unibertsitatea, Basurtu-Sabino Arana auzoaren bihotza eta Olabeagarentzako planak.

Horrela, proiektu hori auzoaren ikuspegiaren arabera egin da, eta lehentasunen artean, geltokiak lur gainean eta Luis Briñas kalean sortzen dituen eragozpenak gutxitzea jarri da. Gainera, 7.000m2ko plaza berria lortuko da.

Lurpeko geltoki intermodala funtsezkoa izango da Basurturen eta Bilboren garapenean zein etorkizunean. Hala, lur gainetik eta Luis Briñas kalean autobusen joan-etorririk ez da egongo eta, hala, bertako trafikoa baino ez da ibiliko. Gurtubai kaleko sarbidea hobetuko da eta ingurunean izango diren eraginak gutxituko ditu. 

Gainera, 7.000 metro karratu liberatu ahal izango dira, bertan plaza bat ipintzeko. Espazio horri, Basurtuko Auzoaren Bihotzean, Sabino Aranatik Errekalderaino egindako jardueraren bidez sortu den aukerako 62.000 metro koadroko eremua gehitu behar zaio.

Une horretatik aurrera, Construcciones Amenabar – Excavaciones Viuda de Sainz izeneko Aldi Baterako Enpresa Talde adjudikaziodunak 2016ko udagoienerainoko epea izango du proiektuaren plan ekonomikoa amaitzeko. Aldi berean, hurrengo hilabeteetan, geltokia eraiki eta ustiatuko duen sozietate emakidaduna eratuko da, Antolamenduko Plan Berezia onartuko da eta behin-behineko geltokiaren proiektua erredaktatu eta geltokia egingo da.

Behin-behineko geltokia

Termibuseko eguneroko jarduera geltoki intermodal berria egiteko lanekin bateratzeko erronkari aurre egin behar dio Obra, Zerbitzu, Hiri-eraberritze eta Espazio publiko Sailak. 

Gaur egungo autobus-geltokia 2016ko bigarren seihilekoraino behin-behinekoz aldatuko da, Bilbao Ría 2000 sozietatearen Garellanoko lur-zati batera. Lurpeko geltoki intermodal berriko jarduera 2018ko hasieran hasiko da.

Eraikitzeko proiektua oraindik idatzi eta onartu gabe dagoela, Garellanoko Geltoki Intermodalerako Obra, Zerbitzu, Hiri-eraberritze eta Espazio publiko Sailak darabilen aurreproiektuaren arabera, lurpeko geltokia, 500 lekuko aparkalekua, 7.000 metro koadroko plaza eta hirugarren mailako erabilerarako eraikina egingo dira.

Lehia-elkarrizketa prozesua eta 22.000.000 eurorainoko inbertsioa, udal zorrik gabe

Udal geltokian eta aparkalekuan egingo den inbertsioa 22.000.000 eurotik gorakoa izango da baina hori Udalerako zorrik sortu gabe egingo da Udalak sei enpresa-taldeekin izandako lehia-elkarrizketaren bidezko prozesuari esker eta Udalak obraren emakidari lagatako 5.000 m2ko eremuari esker. Horiekin Udalak dirurik inbertitu barik ekimen honi ekin ahal izan dio eta, hori da, hain zuzen ere, proiektuaren beste gakoetako bat.

Halaber, plazan eraikin bat egingo da, funtzio bikoitzarekin:

Autobus-geltokirako sarrera izatea.

Hirugarren mailako erabilera pribatuak hartzea

Eraikuntza altuera desberdinetan egongo da eraikita, gehienez 14 solairu arte. Horietan inguruko eskaintzaren osagarria izango diren hainbat jarduera egongo dira:

Gertuko merkataritzarekin bateragarria izango diren saltokiak egongo dira.

Gazteentzako eremua egongo da: egoitza bat da egongo da unibertsitateari eta ezagutzari lotutako ingurune batean. Era berean, bezeroak ekarriko dizkie auzoko saltoki eta hotelei.

Kirolgune pribatua.

-Bilborentzako hotelen eskaintza handituko da garraioaren Intermodalitatea errazten duen eta ondo komunikatuta dagoen ingurune horretan.

Proiektu publiko-pribatuaren inbertsio osoa 40.000.000 eurotik gorakoa izango da eta, behin gauzatuta, Basurtu-San Mames ingurunean jarduera suspertu, auzoaren bizi-kalitatea hobetu eta Bilborentzat hobekuntza nabarmena ekarriko du.